Juul literatura hauteskundeak izanen dituzte apirilaren 2an Euskal Herriko ikastoletan

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 31a, 10:00

Juul hauteskundeetako hautesmahaia, Lesakako Tantirumairu ikastolan.

Euskarazko idazle eta ilustratzaile onenak aukeratuko dituzte

Apirilaren 2a Nazioarteko Haur eta Gazte Literatura eguna ospatuko da eta, apirilaren 23an Nazioarteko Liburu eguna izanen da. Apirilaren izaera literarioa probestuz, apirilaren 2an, Euskal Herriko Ikastoletan JUUL literatura-hauteskunde eguna ospatuko dute. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleak izanen dira botoa emanen dutenak. Euskaraz argitaratutako liburuak zein liburu ilustratzaileak izanen dira dira hautagai.

Hauteskunde hauek, ikastoletan irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egiten diren jardueren artean kokatzen dira. Benetako protagonista dira ikasleak, aukeraketa egiteaz gain, hauteskunde-mahaian lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan beraiek aritzen baitira. Horrela, hauteskunde-prozesu bat zer den ikasten dute ere bai.

Ikasleek botoa emateko bi era dituzte: batetik, bototxartelaren bidez, eta, bestetik, boto elektronikoaren bidez. JUUL web-orria, bozketa-elektronikoa egiteko plataforma izateaz gain, irakasleen irakurketa bultzatzeko baliabideen bilgune da: http://www.juulkanpaina.eus 

Bozketa eginen da Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko ikastoletan 16.600 ikasle inguru parte hartuko dute, adinaren araberako kategorietan. Emaitzak, kontaketa egin ondoren eta, dena ongi joaten bada, egun horretan bertan, gauean, jakinaraziko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun