'Blogak testutik harago' jardunaldia egingo da Blogetan lehiaketa ixteko

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2019ko mar. 25a, 10:17

Azkue Fundazioak ondu ohi duen Blogetan blog lehiaketaren hirugarren edizioa apirilaren 4an amaituko da. Egun horretan, Bilboko Euskararen Etxean, Blogak testutik harago izenburuko jardunaldia eta lehiaketaren sari-banaketa egingo dituzte, 15:30etik aurrera.

Blogak testuaz harago lelopean burutuko den jardunaldiaren xedea blogetan gertatutako azken nobedade eta azken joeren gaineko hausnarketa egitea da, tartean, podcast-ak, visual-thinking komunikazio balibaidea edo bideoaren zabalkunde masiboa aztertuko dira. Horretarako hainbat hizlari bilduko dira, Tania Arriaga EHUko irakaslea, Esti Beraza Sorarrain eta Aare Castilla TaZebaEz Kolektiboko kideak, Gorka Bereziartua Argia-ko kazetaria, Hedoi Etxarte Katakrak guneko kidea eta Imanol Epelde bideo- blogari eta irakaslea.

Jardunaldia 15:30en hasiko da, komunikazioan aditua den Ioar Oteizaren gidaritzapean. Oteizak berak hasiko du ekitaldia Blogak, sare sozialak eta tendentzia berriak izenburuko sarrerarekin.

Jarraian gainerako hizlarien txanda etorriko da. Jardunaldia hiru ataletan bananduko da. Lehenengo zatian, dena ez da testua, Tania Arriaga EHUko irakaslea Podcast-aren inguruan ariko da bere esperientzia pertsonaletik abiatuta. TaZebaEz Kolektiboko kide Esti Beraza Sorarrain eta Aare Castillak, berriz, hizkuntza eta komunikazio esparruetan sekulako arrakasta jasotzen ari den Visual Thinking tresna izango dute hizpide.

Bigarren zatia, lizentzia libreak, Argia komunikazio-proiektuko kazetari Gorka Bereziartuak gobernatuko du, izan ere, Creative Commons lizentziaren inguruan ariko da. Bere jardunean txertatu du lizentzia hori Argiak.

Hirugarren zatian, berrikuntza betikoa oinarri hartuta, Katakrak egitasmoko kide Hedoi Etxartek proiektu horren webgunea izango du mintzagai: webgune erakargarri eta aktiboa da, eta berrikuntza moduan, blogari podcast-ak gehitzen dizkiete soundcloud plataformari esker. Halaber, Imanol Epelde bideo-blogari zarauztarrak ere parte hartuko du hirugarren atal honetan. Imanol bere blogerako propio egindako bideoak txertatzen hasi da -hasieran testua eta argazkiak baino ez zituen jasotzen bere gunean-, eta ikus-entzunezko lan horiek sekulako oihartzuna dute gurean.

Azkenik, Blogetan saridunak iragarriko dira, eta sari-banaketa burutuko da. Ekitaldia 19:00ak aldera amaituko da; luncha ere izango da. Eman izena, plaza mugatuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun