Julio Sotok bortzekoa osatu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko mar. 25a, 08:02
Joxema Leitzak jantzi zion txapela.

Julio Sotori jantzi zioten 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela; txapeldunorde, berriz, Eneko Lazkoz izan zen. Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Eneko Fernandez, Xabat Illarregi eta Xabi Maia sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Bertsolarien doinu eta hitzek zein 1.350 entzuleren txalo zaparradek dardarka jarri zuten Iruñeko Anaitasuna larunbatean, martxoaren 23an. Lau orduz oholtzan egon ondotik, Julio Sotoren bertsoek lortu zituzten puntu gehien, 1.172 zehazki, eta Joxema Leitzaren eskutik jaso zuen bere borzgarren txapela (2010, 2011, 2015 eta 2017). Agurrean islatu zuen bere poza, bizipen ororen gainetik bizitzearen garrantzia ageriko eginez: «Ez da uste bezain zaila zoriona aurkitzea/ besteei bakea eman zein norberak sentitzea/ baldintza derrigorra da orainean gelditzea/ burua atzoan edo geroan ez ipintzea/ nahiz gertatu gozatzea/ bezelaxe sufritzea/ ondoan norbait sortzea/ ondoan norbait hiltzea/ bere poz eta bere min ederra da bizitzea».

Sailkapena

1. Julio Soto 1.172 puntu
2. Eneko Lazkoz 1.114 puntu
3. Xabier Terreros 635 puntu
4. Joanes Illarregi 631 puntu
5. Julen Zelaieta 626,5 puntu
6. Eneko Fernandez 620 puntu
7. Xabat Illarregi 608 puntu
8. Xabi Maia 597 puntu

Eneko Lazkozek lortu zuen bigarren postua, 1.114 puntu eskuratu zituen. Buruz burukoan ardien azalean jarri, ipuinetako protagonista bihurtu eta txapeldun izateak eraginen liokeen sentsazioaz mintzatu zen. Ezin izan zuen bizi, baina saio osoan entzuleei sentiarazi egin zien.

Hirugarren sailkatu zen, saio ederra eskainita, Xabier Terreros (635 puntu). Joanes Illarregi leitzarra izan zuen atzetik eta lau puntuko aldea baino ez zion atera (631). Parez pare aritu ziren zortziko txikian, errefuxiatu bat etxekotu nahi duen adineko bikote baten sentipen nahasiak ardatz, punta-puntako bertsoak osatu zituzten.

Julen Zelaietak hartu zuen bortzgarren postua, eta ez zen guttiagorako izan. Umorea izan zuen bere bertsoetan osagai nagusi eta kontent hartu zuen merezitako postua. Eneko Fernandez izan zen seigarren eta haren atzetik sailkatu zen Xabat Illarregi. Azpimarragarria da leitzar gazteak egin zuen saioa, eta bereziki zortziko txikian bota zituen bertso ederrak. Hasierako agurrean hasi bezala, gogotsu itxarondako finalaz gozatu ahal izan zuen. Azken postua Xabier Maiarentzat izan zen.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun