Asier Navaridas eta Joseba Lasa pilota egokitutako II. Master Cup txapelketaren finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 25a, 07:00
Etxezarreta eta Navaridas, Lizaso eta Lasaren kontra ariko dira apirilaren 7ko finalean Beasainen.

Pilota, tresna inklusibo egokia dela erakitsi dute Azkoitian egin den jardunaldian

Zoragarria eta hunkigarria martxoaren 23an Azkoitian bizi izan zena, pilota tresna inklusibo egoki bat dela erakutsi zuen eguna. Gurea pilotalekuan bizitako jardunaldi bikoitza kirolari hauek egiten duten ahaleginaren erakusleihorik onena bilakatu zen eta, gainera, euren mailak urtetik urtera igo egiten dela erakutsi zuten. Pilota egokitutako Master Cup txapelketan bikote eginez aritu ziren iaz Joseba Lasa lesakarra eta Sunbillan bizi den Asier Navaridas. Aurten, finalean arerio izanen dira.

Larunbat goizean, adimen urritasuna duten kirolarien artean, Iraitz Huegun izan zen iaz finala jokatu zuten pilotarien artean Beasainen apirilaren 7an jokatu den finalerako txartela lortu zuen bakarra. Sheila Cueto lagun duela, iaz lortutako txapela berriz ere eskuratzen saiatuko da. Goierriko herrian Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi, aurten ekitaldirako egindako bideo hunkigarriaren protagonista, izanen dira euren arerioak.

Arratsaldez ezgaitasun fiskoa duten kirolarien txanda izan zen eta nabarmentzekoa da parte hartzaileen artean Juanjo Rodriguez, Espainiako aulkiko tenis txapelduna aritu zela, Frantziako ordezkariak ere izan ziren eta Gorka Alvarezek, Gipuzkoako kirol egokitutako Bidaideak eskolako irakasleak kutsu inklusiboa eman zion, inolako lesiorik izan gabe parte hartu zuelako. Hori bai, Javier Etxezarreta eta Beñat Lizasok erakutsi zuten astero pilotalekuan egiten dituzten entrenamenduak ez direla alferrikakoak eta iaz bezala, finalean arituko dira, nahiz eta aurten arerioak izanen diren. Sunbillan bizi den Asier Navaridas izanen da Javier Etxezarretaren laguna eta eta Joseba Lasa lesakarra izanen du ondoan Beñat LIzasok, iaz Edorta-Satxak jantzi zituzten txapelen bila. Iaz Lasa eta Navaridas bikote izan ziren, baina ez zuten finakerako txartelik lortu.

Txapelketako hurrengo hitzordua Etxebarrin izanen da martxoaren 31n, non Bizkaiko pilotariak arituko diren eta bertatik aterako dira Beasainen jokatuko den adimen urritasuna duten pilotarien arteko promozio lehiaketako finalistak. Final guztiak, erran bezala, apirilaren 7an jokatuko dituzte Beasainen eta Euskal Telebistak emanen ditu. Beraz, telebistatik ere iznenn da Navaridas eta Etxezarretak, Lasa eta Lizasoren kontra jokatuko duten finala ikusterik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun