Irakurzaletasuna bultzatzeko ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ ekimena abiatu da Malerrekan eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranon

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 21a, 14:00

Martxoaren 18tik maiatzaren 31 bitartean euskaraz irakurtzea sustatu nahi dute liburutegi eta liburudendetan

Martxoaren 18an hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko da ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ ekimena hainbat herri eta eskualdetan. Aurtengoa inoizko kopururik altuena da. Ekimenak 13. edizioa du, baina hirugarren aldiz eginen da Malerrekan eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranon.Euskaltzaleen Topagunea eta Malerrekako Mankomunitateko eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Euskara Zerbitzuak dira antolatzaileak.

Ekimen honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Ekimenak, bertzeak bertze, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez eta liburua oparitzera gonbidatuz.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izanen da.

2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emanen digu, zehaztutako liburu dendan erabiltzeko.

3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu  %35 merkeago erosteko aukera  emanen du. Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, 30 euroko balioa duen erosketa txeke bana zozketatuko du liburutegiko arduradunak,  hilabete bakoitzean irakurketa fitxa bete dutenen artean. Txeke horrek euskarazko liburuak erosteko aukera emanen du.

 

Bi hilabete eta erdiz martxan, martxoaren 18tik maiatzaren 31ra

Udaberrian garatuko da berriz ere ekimena, opor aurreko hilabeteak garai onak direlako liburutegian zein liburu-dendan “udako liburua” aukeratzeko. Martxoaren 18an abiatu da Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenaren2019ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izanen du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea  ekainaren 15a artekoa izanen da.

Leitzako liburutegi publikoa eta Doneztebeko liburutegi publikoak parte hartzen dute ekimenean eta liburu dendei dagokienez, Malerrekan Doneztebeko Ostiz liburu dendak, Leitza eta Areso aldean, Maimur eta Astitz liburu dendek eta Goizueta eta Aranorako Hernaniko Elkar liburu dendak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun