Pilota egokitutako II. Master Cup txapelketarekin pauso berri bat emanen dute ikusgarritasunerantz

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 20a, 19:00
Pilota egokitutako II. Master txapelketaren aurkezpena asteazken eguerdian Donostian. Eskuinean, Joseba Lasa lesakarra.

Azkoitian, Etxebarrin eta Beasainen jokatuko dute pilotariek datozen asteburuetan, tartean Joseba Lasa lesakarrak

Iazko esperientzia bikainak utzitako aho gustu bikainaren ondotik, Euskal Pilota Egokitutako II Master Cup txapelketak bertze urrats handi bat emanen du aurtengoan adimen urritasun eta urritasun fisikoa duten pertsonek egiten duten lan ikaragarria ikustarazteko. Txapelketa parte hartze zenbakian, parte hartzaileen mailan, egoitzetan –aurten Etxebarrin Bizkaiko lehen topaketa ospatuko da martxoak 31n– eta, batez ere, zabalkundean haztea espero da. 

Horretarako, garrantzi berezia hartzen du ETB-1ek lehen aldiz eskainiko dituela zuzenean apirilaren 7an Beasainen jokatuko diren finalak. «Ospatzeko moduko lorpen bat da» aitortu du Blanca Aranguren, Gipuzkoako egokitutako kirolaren federazioko lehendakari ordeak, martxoaren 20an Donostiak egindako aurkezpen ekitaldian. Bide batez pilotazaleei kantxetara gerturatzeko gonbidapena luzatu zien, «ikuskizunak benetan merezi« omen du eta.

Iurgi Olasagasti, Master Cuparen zuzendari teknikoak onartu du pilotarien maila  izaten ari  den garapenak asko zaildu dizkiola bikote orekatuak osatzeko lanak. Datu teknikoei dagokionean, 13 izanen dira adimen urritasuna duten parte hartzaileak eta igande honetan Azkoitian jokatuko den lehen kanporaketari begira bi multzo osatu dira. Parte hartzaileen artean lau emakume egotea ere oso positiboki baloratu du.

 

Gurpildun aulkian 17 pilotari

Gurpildun aulkien mailan 17 dira izena eman dutenak, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Ipar Euskal Herria eta Frantziatik etorritakoak. Tartean da Joseba Lasa lesakarra. Hemen ez da emakumezkorik baina deigarria da bertze kirol batzuetan aritzen diren kirolariak egotea, Juanjo Mancebo Bidaideak saskibaloiko taldeko kidea edo Juanjo Rodriguez errioxar tenislaria esaterako. Tartean ere bada inolako ezgaitasun fisikorik ez duen parte hartzailerik eta horrek benetako izaera integratzailea ematen dio lehiaketari. Kasu honetan lehiaketa igande arratsaldean jokatuko da Azkoitian

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun