Belaunaldi berriei borrokara batzeko deia egin diete Elizondoko Bulkada Egunean

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 18a, 11:43

Giro onean joan zen joan den larunbatean Elizondon egindako Mendialdeko Bulkada Eguna. Leitzako, Baztango eta Bortzirietako Ernaik antolaturik, goizean goizetik hasi ziren egitarauarekin.

Goizean, hainbat belaunalditako gazteek eskainitako hitzaldia izan zen Arizkunenea Kultur Etxean. Ondotik bertso-desafia egin zuten Joanes eta Xabat Illarregi bertsolari leitzarren eta Josu eta Maddi Ane Txoperena lesakarren artean, Elizondoko ostatuetan barrena. Leitzarrek irabazi zuten desafioa, publikoaren txalometroak hala aginduta.

Trinketean egindako herri-bazkariaren ondotik, 80 bat lagunek argazki erraldoia atera zuten. Onodotik, kantaldia, karropoteoa eta kontzertuak izan zituzten frontoian. Jende andana bildu zen eta besta goizaldera arte luzatu zuten, Sofokaos, Herdoil eta DJ MapH taldeekin. Kontzertuen denboran, Altsasuko gazteen aldeko pankarta bat zabaldu zuten, preso dauden Altsasuko gazteekiko elkartasuna adieraziz.

Antolatzaileek adierazi dutenez, «independentzia, sozialismoa eta feminismoaren bidean belaunaldi berriak borrokara batzeko eguna izan da Mendialdeko Bulkada Eguna, eta horretan segitzeko indarrak hartuta bueltatu ginen etxera». Gisa berean, apirilaren 19tik 22ra Lemoan (Bizkaia) eginen den Gazte Topagunean parte hartzeko deia egin diete eskualdeko gazteei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun