Nafarroako eta Arabako bertsolari txapelketatako finalaurrekoak eskainiko dituzte ETBko Hitzetik hortzera saioan

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 15a, 21:00
Nafarroako Bertsolari txapelketako finalaurrekoen berri emanen dute igandeko Hitzetik Hortzera saioan.

Txapelketa garaia da bi lurraldeotan, eta aste honetako programan txapelketa hauen finalaurrekoetako bertsoaldiak eskainiko dituzte igandean 15:00etan hasita. Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Lesakako saioak batetik, eta Legutio eta Dulantzikoak, bertzetik.

Bi urtetik behin ospatzen dira Arabako eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Hainbat kanporaketa izan dira, eta finala bertzerik ez da falta. Igandeko Hitzetik Hortzera programara bide horretan izan diren finalaurrekoetako bertsoaldiak ekarriko dituzte pantailara. Gainera, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan eta martxoaren 30ean Gasteizko Principal antzokian izanen diren finaletan kantatuko duten bertsolarien berri emanen dute.

Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Lesaka

2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako bidean hiru finalaurreko izan dira, Atarrabian, Etxarri Aranatzen eta Lesakan, hurrenez hurren. Hiru saioetako bertsoaldi onenak ekarriko ditugu. Atarrabian kantuan izanen dira Aimar Karrika, Eneko Lazkoz, Joana Ziganda, Saats Karasatorre, Sarai Robles eta Xabi Maia. Etxarri Aranazko saioan kantuan entzungo ditugu Diego Riaño, Iban Garro, Iker Gorosterrazu, Julen Zelaieta, Julio Soto eta Xabier Terreros. Azkenik, Lesakan entzungo ditugu Alazne Untxalo, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi.

 

Legutio eta Dulantzi

2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako bidean bi finalerdi daude, Legution eta Dulantzin. Igandeko programan bi saioetako bertsoaldi onenak ikusiko ditugu. Legution kantuan aritu ziren Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Serapio Lopez eta Xabi Igoa. Dulantzin, berriz, larunbat honetan bertan ariko dira Aroa Arrizubieta, Beñat Garaio, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Paula Amilburu eta Rikardo Gonzalez de Durana.

Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izanen du aukera, EITB Nahieranen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun