Ttipi Txartel berriak hartuko dituzte egunotan 2.200 bat lagunek

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 18a, 07:30
Gutun-azal berdearen barnean, Ttipi Txartel berriaz gain, erosketak egiterakoan deskontuak eskaintzen dituzten 66 komertzioen zerrenda eta 2018ko Errenta Aitorpenerako balio duen ziurtagiria ere banatuko da egunotan.

Gutun-azal berdearen barnean, Ttipi Txartel berriaz gain, erosketak egiterakoan deskontuak eskaintzen dituzten 66 komertzioen zerrenda eta 2018ko Errenta Aitorpenerako balio duen ziurtagiria ere hartuko dute egunotan etxeko postontzian 2.200 bat lagunek. Txartel berriak urdin kolorekoak dira eta erabiltzailearen datuekin pertsonalizatuak daude. Orain artekoak bezala, txartel hauek ere bi urteko balioa izanen dute, 2021eko martxoaren 31ra bitarte, hain zuzen.

Ttipi Txartela 1998an sortu zuen Ttipi-Ttapa Fundazioak, bere bitartez euskara, tokiko ekonomia eta Ttipi-Ttaparen arteko aliantzak gorpuztu eta biziberritzeko baliagarri izanen zelakoan. Egitasmoak hasieratik harrera ona izan zuen eta, geroztik, urtetik urtera, handitu eta zabaldu egin da komunitatea. Gaur egun aliantza honek berebiziko garrantzia du Ttipi-Ttaparentzat eta arnasa ematen dio Fundazioak dituen jarduera eta egitasmo guztiei.

 

Deskontuak herriko denda eta zerbitzuetan

Deskontuei buruzko informazio zehatza ageri da txartelarekin batera banatu den eskuorrian. Osotara 66 denda eta zerbitzuren informazioa ageri da eskuorrian, eskualdeka eta arloaren arabera ordenatuak, eta bakoitzak deskontua zertan, zenbatekoa eta dituen baldintzak erakusten ditu.

 

Hamabostero zozketak

Txarteldunak abantaila gehiago ere baditu. Hamabostero, Ttipi-Ttapari laguntza ematen dioten enpresa, erakunde, elkarte eta argitaletxeek emandako produktuak zozketatzen dira txarteldunen artean. Zozketan sartzeko ez da deitu behar, aleatorioki egiten baita txarteldun guztien artean. Zozketa hauen inguruko informazio zehatza argitaratzen du aldiro Ttipi-Ttapa hamaboskariak eta, informazio gehiago nahi duenak www.ttipitxartela.info webgunea bisita dezake.  

Ttipi Txartela izateko 50 euroko kuota ordaintzen da urtean eta dituen abantailen artean sartua da aldizkaria hamabostero etxera bidaltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun