Hondakinen kudeaketaren inguruan hainbat sentsibilizazio ekintzetan parte hartu dute aurten ere Baztan-Bidasoaldeko ikasleek

Zenbait ikasle 'Bokatona' bildukiarekin.

Baztan-Bidasoaldeko ikasleek hondakinen kudeaketaren inguruan duten informazioa zabaldu eta hauen sentsibilizazioa haunditzeko intentzioz hainbat ekitaldi antolatu dituzte Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek Nafarroako Hondakinen Prebentziorako bulegoarekin batera.

Aurtengoan ere gure eskualdeko lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute Nafarroan eta eskualdean hondakinen kudeaketan ardura duten entitateen eskutik.

 

Bokatona ikasle ttikiendako eta Gongorara bisita institutuetatik

Urrian hasi eta orain arte lehen eta bigarren hezkuntzako lehendabiziko zikloko ikasleek hondakinen kudeaketa eta prebentzioan oinarrituriko tailer eta ekintzetan parte hartu dute. 32 tailer egin dira Baztanen, 24 Bortzirietan eta 13 Malerrekan, osotara 1.112 ikaslek parte hartu dutelarik. Hauen artean Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ia 300 ikasleek Nafarroako Hondakinen Prebentziorako bulegoaren eskutik “Bokatona” deituriko bokata bilduki berrerabilgarriak jaso dituzte. Bilduki hauek doan jaso ahal izateko ikastetxeek konpromiso orri bat sinatu behar izan dute eta bertzeren artean bilduki hauen erabilpenaren jarraipena egiteko ardura hartu dute. Datu hauen helburua banaturiko material hauek benetan hondakinen murrizpenean duen eragina aztertzea da.

Bertzalde, Doneztebe, Bera, Elizondo eta Lekarozko istitutuetako ia 300 ikaslek, Iruñerriko Aranguren bailaran kokaturik dagoen Gongorako Hondakinen Tratamentu planta bisitatzeko aukera izan dute berriz ere aurtengo ikasturtean.

Ekimen hau urtero Ecoembesek, hondakinak kudeatzeko sistema integratuak, mankomunitateei egiten duen ekarpena baliatuz antolatu dute Bortziriak eta Malerrekako mankomunitateek eta Baztango Udalak.

Gongorako hondakinen tratamentu plantan zenbait hondakinek edukiontzietatik haratago  jarraitzen duten bidea ikusteko aukera izan zuten gure ikasleek, hala nola, zabortegia eta ontzi arinen sailkapen planta eta bertan duten ingurumen ikasgelan gure eguneroko ekintzek sortzen duten “Tximeleta efektua” ere ezagutzeko aukera izan zuten. Bisita hauek hondakinen kudeaketan dituzten ardurak haunditzea eta gai honekiko sentsibilizazioa piztea dute helburu.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun