Nafarroako Herri Kirol Jokoak igandean hasiko dira Txantrean

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 14a, 07:17

Haur eta gaztetxoak herri kiroletan lehiatzen hasiko dira ignare honetatik aitzinera.

Igantzi eta Baztango Basaburua eta BRT Menditarrak taldeko kirolariak izanen dira eskualdeko ordezkariak aurten ere.

Nafarroako Herri Kirol Federazioak herri kirol jokoak antolatu ditu bertze urte batez, 11 eta 16 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. Martxoaren 17an Txantrean hasi eta apirilaren 14an Altsasun jokatuko diren finalak bitarte, herriz-herri proba konbinatuetan eta sokatiran hainbat  gaztetxo ibiliko dira. 

Txantreako lehen saioaren ondotik, martxoaren 24ko bigarren jardunaldia Etxarri Aranatzen, martxoaren 31ko hirugarren jardunaldia Erratzun eta apirilaren 7ko laugarren jardunaldia Berriozarren eginen dituzte, apirilaren 14ko finalak baino lehen.

 

Parte hartzaileak

Guztira hiru kategoria izanen dira: kimuen mailan (2007 eta 2008 urteetan jaiotakoak) konbinatuetan bakarrik ariko dira 20 talde, tartean Igantzi, BRT Menditarrak eta Basaburua+Araxes.

Haurretan (2005 eta 2006an jaiotakoak) konbinatuetan eta sokatiran ariko dira. Proba konbinatuan, hamar talderen artean Igantzi, BRT Menditarrak eta Basartza (Berroeta, Baztan, Betelu eta Ibero) ariko dira eta sokatiran ez da eskualdeko ordezkaririk izanen (9 talde).

Kadeetan, azkenik, (2003 eta 2004 urteetan jaiotakoak), konbinatuan, zortzi talderen artean BRT Menditarrak eta Basarnegi (Berroeta, Baztan eta Ibero) izanen dira eskualdeko ordezkariak eta sokatiran Basarnegi bakarrik (7 talde).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun