Euskaraz Blai 2019 eta Udaleku Ibiltaria eskainiko dituzte aurten ere Arantza eta Beintzako aterpeek

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 13a, 18:00
Aitzineko urteetan udalekuetan ibilitako taldeetako bat.

Abian da Arantzako Aterpeak eta Beintzako Aterpetxeak antolaturik, eta Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoaren laguntzaz, gaztetxoen artean euskararen erabilpena suspertzeko Euskaraz Blai 2019 udalekuen kanpaina. Helburu nagusia euskara aisialdian ere erabiltzea da. 

Euskaraz Blai

Aurtengoa hemeretzigarren edizioa izanen da eta 600 plaza baino gehiago eskainiko dituzte bi aterpetxeetan banaturik eta adin multzo ezberdinetan antolaturik. 2007-2010 urteetan jaiotako haurrak multzo batean eta 2004-2006 urteetan sortutako gaztetxoak bertze batean.

Kanpalekuen iraupena astebetekoa da eta denbora horretan, haurrek hainbat ekintza eginen dituzte: kobazuloak bisitatu, talo tailerrak, gaubela-joakoak,… dena euskaraz.

 

Kontrabandisten Bidea Udaleku Ibiltaria

Azken bi urteetan bezala, Kontrabandisten Bidea Udaleku ibiltaria ere eskainiko zaie 14-17 urteko gazteei, kontrabandoko bideetan barna eginen dena.

Ibilaldian Arritxulo (Oiartzun), Arantzako Aterpea eta Beintzako Aterpetxea elkartuko dituzte, eta naturarekin lotutako hainbat jarduera ere prestatu dira. Abenturaz, kirolaz, naturaz eta historiaz betetako eskaintza honetarako 80 plaza daude.

Euskaraz Blai Udalekuetan zein Udaleku Ibiltarian izena emateko epea zabalik da maiatzaren 12ra bitarte. Informazio gehiago www.euskarazblaiudalekuak.com webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun