Arrantza denboraldia apirilaren 14tik uztailaren 31ra izanen da

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 10a, 11:00
Gehienez 60 izokin arrantzatu daitezke denboraldi honetan.

Amuarrainen arrantzarako baimenak gutitu dira 2017ko arrainkume eskasiagatik eta arrantzatutako izokinak Basozaingoaren eskuetan uzteko aukera izanen da, ‘Izan zaitez Bidasoko izokinaren babesle’ kanpainaren baitan.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioko konteilariak, Nafarroan 2019ko arrantza baldintzak jasotzen dituen Foru Legea onartu du. Arauak martxoaren 7an argitaratu dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean

Arautegi honek bi helburu ditu: arrain-baliabideen aprobetxamendu antolatua arautzea eta, gainera, espezie exotiko inbaditzaileen populazioak eraginkortasunez kontrolatzeko neurriak hartzea, espezie horiek harrapatuz eta, behar denean, harrapatutako arrainak desagerraraziz.

 

Amuarraina

2019rako baimenak gutxitu eginen dira aurreko urtearekin alderatuz, 12.947 izanen dira 2018ko 17.271 baimenekin alderatuz, hala ere ibarrak eta arrantza modalitateak iaz bezala mantenduko dira. Baimenen jaitsiera Bidasoa eta Ega-Urederra eremuari eraginen dio, ez baita konpensatua izanen Arakil-Larraun, Arga-Ultzama eta Irati-Erro eremuetan izan den igoera arinarekin.

Baimenen jaitsieraren zio nagusia 2017an Basozaingoak egindako arrainkumeen laginketen emaitza txarrak dira. 2018an egindako laginketek ere ez dituzte espero ziren emaitzak eman, eta hala datozen arrantza kanpainetan ere amuarrain kopuruak gora-beherak izanen ditu.

Arrantzale bakoitzeko baimenak iazko berdinak izanen dira. Hala, 2019an pertsona bakoitzak 12 baimen eskatu ahal izango ditu amuarrain arrantzarako, eta bos gehienez arrantza modu bakoitzeko. Arrantzatze kopurua eguneko pertsonako bi amuarrainekoa izanen da, eta gutxieneko neurria 23 zentimetro.

Gainera, denboraldia luzatzeko aukera mantenduko da, hartu eta askatu modalitatearako, emariak eta tenperaturak hala uzten badu 15 egunez luzatuko da, 2018an egin zen moduan. Garai horretarako arrantzale bakoitzak gehienez 3 baimen izanen ditu (kontuan izan gabe denboraldi horretako baimenak agortu dituen ala ez). Neurri honek kirol ekintza hau ekintza turistiko eta oporrekin uztartzea ahalbidetuko du.

 

Izokina

Izokinen arrantzarako baimenen sistema mantenduko da, denboraldi bakoitzeko gehienez 60 arrantzatu daitezke.

Denboraldia apirilaren 14an hasiko da eta arrantza-debekualdia maiatzaren 27tik ekainaren 13ra zehaztuko da (bi egunak barne), hala denboraldi honek izokinaren arrantzarako egun baliodun berdinak izanen ditu. Uztailaren 31n bukatuko da edo lehenago, 60. izokina arrantzatzen den egunean. Bertzalde, Las Nazasen, ur emaria egokia ez denean, arrantza debekua kendu da.

Berrikuntza nagusien artean arrantzatutako izokinak Departamentuaren eskuetan uzteko aukera jaso da, arrain-haztegietara eraman daitezen ondoren jarraipena egiteko ‘Izan zaitez Bidasoko izokinaren babesle’ kanpainaren baitan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun