Errigoraren kanpaina martxoaren 7an hasi da

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 7a, 07:30

Bosgarren urtez eginen dute Errigora kanpaina.

Martxoaren 22ra arte ekologikoak diren eta ez diren olioak, kontserbak, arroza eta kamisetak eskatzen ahal izanen dira.

Bortz urte maite duguna elikatzen lelopean, martxan da  aurtengo Errigora. Dagoeneko bortz urte joan dira Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren lehenbiziko edizio hartatik, eta geroztik 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu dituzte. Joan den urtean, erraterako, 6.500 sukaldetan bat egin zuten kanpainarekin. Hala ere, Errigoratik adierazi dutenez, «zenbakietatik harago, maite duguna elikatzea da kanpaina honen balio nagusia» eta helburu horrekin ari dira lanean. Aldi honetan, Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak (12 ontziko sortetan) eta arroz-sortak eskatzen ahal izanen dira, ekologikoak direnak edota ez direnak. Horrez gain, Errigoraren kamisetak ere prestatu dituzte, helduentzat zein haurrentzat.

 

Eskaerak

Martxoaren 7tik 22ra bitarte egiten ahal izanen dira eskaerak: online, errigora.eus webgunean, ala tokian tokian banatuko diren eskuorriak betez. Produktuak jaso, ordea, bi txandatan eginen dira. Apirilaren 5tik 17ra olioa eta kamisetak banatuko dituzte eta maiatzaren 22tik 31ra kontserbak eta arroza. Ordainketa produktuak jasotzean egin beharko da.

Bi berritasun nagusitu ditu aurtengo kanpainak: kamisetak eta arroza. Kamisetak «marka ikusarazteko zein komunitatea indartzeko asmoz» egin dituzte eta bortz eurotan eskainiko dituztenez, «ez dira diru-iturri izanen». Arrozaren kasuan, online bakarrik eskatu ahal izanen da, stock mugatua dutelako.

Olioari dagokionez, bortz etxetako olioak izanen dira aukeran. Banaka eta lau botila batera eskatzen ahal izanen dira. Kontserben kasuan, bi, hiru edo lau ekoizleren produktuak jaso daitezke sorta bakoitzean eta denetariko aukera dago: pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua, kremak eta arroza. Kamisetak, berriz, helduentzat gris ilunak egin dituzte eta moreak haurrentzat.

 

Zozketak Ttipi-Ttaparen eskutik

Ttipi-Ttapak bi kontserba-sorta zozketatuko ditu, ekologikoa eta arrunta, Ttipi Txartela duten harpidedunen artean. Sarituek Ttipi-Ttaparen bulegora etorri beharko dute saria jasotzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun