Vicente-Saralegi eta Sorondo nagusi Urrezko Aizkoran

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 4a, 20:00

Urrezko binakako eta banakako aizkolari txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean Azpeitian (Gipuzkoa) eta jaialdiko bi txapel nagusiak eskualdera etorri ziren. Banakoan Nerea Sorondo beratarra erraz nagusitu zen eta binakakoan gauza bera egin zuten Iker Vicentek eta Ruben Saralegi leitzarrak. Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan, Nerea Sorondorekin batera, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa aritu ziren. Beratarra zen faboritoa eta ez zuen hutsik egin. Nagusitasunez jantzi zuen txapela. 06:33ko denbora behar zuen lanak bukatzeko. Iazko txapeldunak, Ariztegi iturendarrak, 07:41eko denbora egin zuen eta Irati Astondoak zortzi minututan bukatu zituen lanak.

Binakakoan, berriz, Iker Vicente eta Ruben Saralegi (Leitza) joan den urteko txapeldunek ez zuten arazorik izan aurten ere txapela eskuratzeko. 27 minutu eta bederatzi segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko. Julen Alberdi Txikia IV.a eta Aitzol Atutxa bigarren gelditu ziren (28:15) eta Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño hirugarren (29:37).

23 urtez azpikoetan, Joxean Etxeberria zigatarra Ariz Aspiazu Arria VI.arekin aritu zen eta hirugarren gelditu ziren. 13 minutu eta hiru segundo behar izan zituzten lan guztiak bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun