Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo izanen dira Emakumeen Urrezko banakako aizkolari txapelketaren finalean martxoaren 2an Azpeitian

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 28a, 20:00

Gizonezkoen binakako txapelketa nagusian, emakumezkoen banakakoan eta harrijasotzen finalean ariko direnak.

Urrezko Binakako Aizkolari txapelketaren final nagusia eta gazteena eta urrezko harrijasotze txapelketaren finalak ere jokatuko dituzte.

Martxoaren 2an, larunbatean,17:30ean hasita jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan XIX. Urrezko binakako aizkolari txapelketaren finala. Urrezko mailan, Iker Vicente eta Ruben Saralegi, Aitzol Atutxa II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño izanen dira finalistak.

Bikote bakoitzak 13 enbor moztu beharko ditu, hainbat modalitatetan.

Emakumeen urrezko banakako aizkolari txapelketan joan den urteko finaleko hiru protagonista berdinak izanen dira: Iturengo Maika Ariztegi iazko txapelduna; zentesimengatik bigarren izan zen Berako Nerea Sorondo eta Irati Astondoa zeanuritarra. 36 ontzako hiru enbor moztu beharko dituzte.

 

Gazte mailakoa eta harrijasotzaileak

23 urtez beheitiko gazte mailako finalean lau bikote ariko dira: joan den larunbatean Donezteben apustua irabazi zuen Joxean Etxeberria zigatarra eta Arria V.a errezildarra; Larrea III.a eta Ezpeleta bizkaitarrak; Arostegiko Kañamares IV. eta Kañamares V.a eta Mallabiko Zelai III.a eta Leaburuko Zabala. Hauek, bikote bakoitzeko sei enbor moztu beharko dituzte.

Urrezko Harrijasotze txapelketa-Bi Harria sarian, azkenik, Urrestillako Xabier Aranburu Guzta, Orioko Aimar Galarraga eta Azkoitiako Jon Unanue Goenatxo III.a lehiatuko dira. 175 kiloko harri errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin ariko dira lanean, hiruna minutuko txandetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun