Heldu den igandean, martxoaren 3an, Atarrabian, ondoko sei bertsolari hauek ariko dira finalerako txartel bila: Saats Karasatorre, Eneko Lazkoz, Sarai Robles, Aimar Karrika, Xabi Maia eta Joana Ziganda. Maider Ansa ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Atarrabiako Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Atarrabiako Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.
Datorren asteko larunbatean, martxoak 9, eta igandean, martxoak 10, izanen dira bertze bi finalaurrekoak, Etxarri Aranatzen eta Lesakan, hurrenez hurren.
Hiru finalaurrekotan Joseba Beltza, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Jon Abril izanen dira epaileak. Haiena izanen da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalean kantatzeko txartela; gainerakoek finalaurreko guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 18 bertsolari ariko dira finalaurrekoetan, eta zortzirentzako tokia izanen da finalean. Martxoaren 23an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.
Sarrerak salgai
11 eurotan eskuratu daitezke saioetarako sarrera arruntak, sei eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta zazpi eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan. Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, bai eta Atarrabiako Karrikaluze Elkartean (astelehenetik ostiralera, 10:30etatik 14:00etara). Egunean bertan, gainera, Kultur Etxeko leihatila irekiko da, 16:00etan.
Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere. Edozein informazio eskuratzeko, gainera, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan jar zaitezkete gurekin harremanetan.