Uterga eta Juanenea aurrez aurre izanen dira ortzegunean Sagardoaren txapelketako lehen partidan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 27a, 18:00

Iaz irabazle suertatu zen Gurutzeta sagardotegian aurkeztu zituzten zortzi bikoteak. Argazkia: Maialen Andres

Zortzi bikote ariko dira sagardotegi bana ordezkatuz, maiatzaren 4an jokatuko den finalerako txartel baten bila

Erremonteko Sagardoaren Txapelketaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute joan den urtean txapeldun izan zen Gurutzeta sagardotegian, pasa den urteko sagardotegi garailea. Beraz, aitzineko zortzi edizioetan bezala, txotx garaian sagardoaz eta sagardotegiez ez ezik, erremonteaz gozatzeko aukera izanen da.

Azken urteetan bezala zortzi bikotek hartuko dute parte, bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuz. Txapelketa otsailaren 28an, ortzegunean hasiko da Galarretan, lehenengo partiduarekin.

Bi taldetan banatuko dira eta A taldean ariko dira; Segurola eta Endika Urrutia saldiastarra (Petritegi), Aritz Juanenea saldiastarra eta Azpiroz (Larre Gain), Xanti Uterga doneztebarra eta Labaka (Bereziartua) eta Urriza-Zaldua (Gaztañaga). B taldean berriz; Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra-Garces (Gurutzeta), Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Etxarri-Ion (Altzueta) eta Ansa II.a-Agirrezabala (Setien) dira lau bikote eta sagardotegi ordezkatuak.

Iaz Urriza eta Garcesek irabazi zuten txapelketa Gurutzetaren izenean eta aurten txapeldun berria izanen da. Formatua ohikoa da lehenengo fasean, baina aldatu eginen da bigarrenean.

Bi taldeetako lehenengo bi sailkatuak finalerdietarako ligaxkara sailaktuko dira eta ligaxka horretako lehenengo biak jokatuko dute finala. Puntuaketa ohikoa; Lau puntu garailearentzat, bi 36-39 tanto bitartean egiten dituenarentzat, bakarra 32-35 artean eginez gero, bat bera ere ez 26-31 tanto artean egiten dutenentzat eta 26 tanto baino guttiagorekin galduz gero, puntu bat kenduko zaio bikoteari

Lehenengo fasea otsailaren 28an, ortzegunean hasiko dute: Xanti Uterga doneztebarrak eta Labakak (Bereziartua), Aritz Juanenea saldiastarra eta Azpiroz (Larre Gain) izanen dituzte arerio Galarretan. Apirilaren 6an akituko da lehen fase hau. Bigarren fasea apirilaren 11an hasi eta 27an bukatuko da eta finala maiatzaren 4an jokatuko da Galarretan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun