Urrezko Binakako Aizkolari Kopako final ttikia irabazi dute Jon Rekondok eta Arria V.ak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 26a, 19:00

Zarautzeko herri-kirol jaialdian parte hartu zuten kirolariak.

Emakumeen ingude lehiaketa bigarren izan zen Maika Ariztegi, Virginia Finolek baino altxaldi bat guttiagorekin 

 

Zarautz Kirol Elkartearen 75. Urteurrena dela eta, herri-kirol jaialdi bikaina antolatu zuten otsailaren 23an  Zarautzeko Arizbatalde pilotalekuan: aizkora, ingudea, harri-jasotzea eta txinga eramatea izan zituzten. Urrezko Binakako aizkolari txapelketako final ttikian Arria V.a eta Jon Rekondo leitzarra nagusitu ziren.

Urrezko Binakako aizkolari txapelketako final ttikian, Jon Rekondo leitzarra eta Xabier Orbegozo Arria V.ak irabazi zieten Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza II.ari. 28 minutu eta 24 segundo behar izan zuten Arriak eta Rekondok bere lana bukatzeko eta 30 minutu eta 3 seguno Azurmendik eta Mugertzak.

Emakumeen Ingude lehiaketan Iruñeko Virginia Finol nagusitu zen 94 altxaldirekin, Iturengo Maika Ariztegik baino bat gehiago. Hirugarren izan zen Mallabiko Karmele Gisasola, 89 altxaldirekin. Hamar kiloko ingudearekin aritu ziren minutu eta erdiko lanean.

Binakako harri-jasotzaile lehiaketan, binaka Xabier Peña eta Jesus Mari Iruretagoiena 'Izeta III.a' eta Mikel Lopetegi 'Urra' eta Iñigo Eizagirre 'Eiza' aritu ziren. Hiru minutuko txanda librean, 125 kiloko harri errektangularra eta 113 kiloko kubikoa altxatu zituzten. Urrak eta Eizak 7.525 kilo altxatu zituzten eta Peñak eta Izeta III.ak 7.277 kilo

Jaialdia bukatzeko, 50 kiloko txingak eramaten Ousmane Drame Euskadiko txapelduna eta Kerman Perez de Heredia txapeldunordea aritu ziren. 30 eta 24 untze egin zituzten, hurrenez hurren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun