Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak ikus-entzunezkoak ekoizteko Nafarroako telebistei zuzendutako 2019ko deialdia ebatzi du eta, guztira, 1,1 milioi euro emango ditu. Honela ebatzi da deialdia: Navarra TV telebista autonomikoak 573.662,11 euro jasoko ditu guztira; Iruñerako tokiko TDT lizentzien hiru titularrek ia beste milioi-erdi bat banatuko dute beren artean (alegia, 496.640,95 euro: Xaloa Telebista-k 270.000 euro jasoko ditu; Hamaika Telebista-k, 181.035 euro; eta Iruindarra TB-k, berriz, 45.605,95 euro); eta, azkenik, Tafallarako tokiko TDT lizentzia duen titular bakarrak, Zona Media TV-k, 29.696,94 euro jasoko ditu.
Bortz telebista-operadore horiek 19 programa ekoizteko eta emateko jasoko dituzte laguntzak; hain zuzen ere, programak ekoizteak duen kostuaren % 50 ordaintzeko. Hortaz, guztira, 2,2 milioi euro inbertituko dira ikus-entzunezkoetan ekitaldi honetan.
Navarra TV-k, operadore autonomiko bakarrak, lau programatarako jasoko du diru-laguntza: La muga magazina (350.000 euro); Zona Mixta kirol-albistegia (123.662,11 euro); eta bertze bi proposamen (bata, gastronomiakoa: Los fogones del Reino; eta bertzea, Nafarroako jendeak eta tokiak ezagutzekoa Tiramillas. 50.000na euro).
Tokiko operadoreei dagokienez, Xaloa Telebista-k jasoko du laguntza handiena deialdi honetan (alegia, 270.000 euro), erabat euskaraz emanen den programazio baterako: Nafarroako hiriburuari buruzko magazinak, Negudaberriaroa eta Udaurriaroa (50.000na euro); Pirinioak bi alde telesaila (75.000 euro), Nafarroako Pirinioetako eta mugaren beste aldean dauden Pirinio Atlantikoetako herriak ezagutzeko eta hurbiltzeko programa; eta ikus-entzule sektorialei zuzendutako hiru proposamen (Euskal City, euskara modu atseginagoan ikasteko: 25.000 euro; Nafarroako tontorrak, Nafarroako gailur garai eta interesgarrienen bidez Nafarroako geografia eta jendeak ezagutzeko: 50.000 euro; eta Nafarrak munduan, lanagatik edo bizipenengatik gure mugetatik harago bizitzera joaten diren nafarrak ezagutzeko programa: 20.000 euro).
Iruñeko tokiko TDT mugapenetik irten gabe, tokiko beste operadore batek, Hamaika Telebista-k, 181.035 euroko laguntza publikoa jasoko du hauek ekoizteko: memoria historikoko telesail bat, Hezurren memoria (81.035 euro); Nafarroako gaurkotasun-albisteak emakumeen ikuspegitik aurkezteko proposamen bat, emakumeak protagonista dituena, Lotsagabe (50.000 euro); eta Nafarroako hiriburuan eta haren hiri-ingurunean bizi direnen ikuspegi ekologikoa eta baratze-aukerak aztertzen dituen programa bat, Hiri-baratzea (50.000 euro).
Azkenik, tokiko beste bi operadorek ere jasoko dute laguntza deialdi honetan. Hala, Iruindarra TB telebistak, Nafarroako hiriburuaren mugapeneko Abian Media, S.L.ren operadorearen marka komertziala denak, 45.605,95 euro jasoko ditu Iruñean barna tokiko magazina ekoizteko. Bestalde, Tafallako mugapenerako lizentzia duen Zona Media TV tokiko operadoreak 30.000 euro inguruko laguntza publikoa jasoko du bere parrillako programa hauek ekoizteko: Este es mi oficio (6.656,59 euro), lanbide tradizionalei buruzkoa; Objetivo comercio (6.566,45 euro), merkataritza tradizionala eta bertakoa ezagutarazten dituena; Ocurrió en la Zona Media (5.401,55 euro), tokiko magazin bat; eta Conocidos por conocer (5.067,62 euro), eskualdeko herritar famatuak ikus-entzuleengana hurbiltzen dituena.