Erremontearen Eguna ospatuko dute otsailaren 23an Galarretan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 22a, 13:50

Larunbatean 16:30ean hasiko den jaialdi berezirako sarrera doan izanen da

Oriamendi 2010 enpresak antolatuta Erremontearen Eguna ospatuko dute otsailaren 23an Hernaniko Galarreta Jai-Alai pilotalekuan. Larunbat arratsaldeko 4:30ean hasiko den jaialdirako sarrera doan izanen da eta erremontista guztien aurkezpena, sari banaketa, zozketa eta lunch-az gain, hiru partida ikusgarri ere jokatuko dituzte. Hiruetan eskualdeko pilotariak izanen dira gainera.

Lehenengo partidan, Goikoetxea eta Labaka, Aldabe eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra ariko dira; bigarrenean, Xanti Uterga doneztebarra eta Azpiroz, gaur egungo txapeldunak, Zeberio II.a eta Barrenetxea IVa. Izanen dituzte arerio eta azken partidan, bi hirukote izanen dira aurrez aurre: Segurola, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Larrañaga, Ansa II.a, Matxin III.a eta Agirrezabalaren kontra.

Erremontea ezagutzeko aukera ederra, dudarik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun