Bizikletaz ibiltzea pedalak astintzea baino gehiago da. Hortaz, Baztan-Bidasoa Turismoak Bizikleta eskola antolatu du, Ederbidea egitasmoaren baitan sustatutako egitasmoa. Udaberrian eginen da Bizikleta eskola, Bidasoko Bide Berdean barna. Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek, DBH1etik DBH4 artekoek eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleek parte har dezakete jarduera honetan. Helburua: bide segurtasun arauak eta mekanika oinarrizko ezagutzak irakastea, bizikletaz osotasunean gozatzeko. Izen emateko epea zabalik da, martxoaren 29ra arte. Horretarako, 948 59 23 23 telefonora deitu behar da.
Edukiak
Bizikletaren ezagutzan sakontzeko oinarrizko edukiak irakatsiko zaizkie gazteei: Zirrikak zulatzen badira nola konpondu, mekanika pixka bat eta bidezko segurtasun arauak zeintzuk diren azalduko zaie. Bizikletaz ibiltzerakoan konfiantza eta segurtasuna bermatzea da helburua eta hortaz, Bidasoko Bide Berdean barna ibilaldia ere eginen dute.
Helburuak
Gazteen artean bizikletaren erabilera sustatzea da helburu nagusia, bai toki batetik bertzera mugitzeko, baita aisialdian erabiltzeko ere. Gazteei oinarrizko ezagutzak ematea, mugikortasuna segurua eta bermez egiteko.
• Bizikleta mugitzeko tresna osasungarria eta jasangarria dela ohartaraztea.
• Eskualdean ditugun bizikletaz ibiltzeko bideen garrantzia eta erabilera sustatzea: Bidasoko Bide Berdea, landa bideak, eta etorkizunean moldatuko direnak (Ederbidea, EuroVelo,…)
• Gure herri eta inguruko natur eta kultur ondarearen ezagutza sustatzea, hala nola bizikletaz ibiltzeko bideetatik hurbil dauden zerbitzuak ezagutaraztea.
• Baztan-Bidasoko eskaintza turistikoa indartzen lagunduko duten jarduerak bultzatzea, lanpostuak sortzeko eta populazio finkatzeko.
Jarduerari buruz
Egun bateko edo bi eguneko jarduera izan daiteke Bizikleta eskola (aukeran). Doneztebeko Ameztia BTT Zentroan, alde teorikoa eginen da, eta Bidasoko Bide berdean eta inguruko bideetan alde praktikoa.
Ameztia BTT zentroak parte hartzaileen eskura jarriko du:
- Bizikleta eta kaskoa, baita asegurua ere.
- Begiraleak eta jarduerarako beharrezkoak diren gidak (1/15 gutxieneko ratioa)
- Teoria irakasteko instalazioak
- Ez dira norberaren bizikletarik onartuko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!