Urrezko Binakako Aizkolari Kopako final ttikia jokatuko dute otsailaren 23an Zarautzen

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 21a, 08:30

Maika Ariztegi parte hartuko du Emakumeen ingude lehiaketan.

Gainera, Emakumeen ingude lehiaketa eta bertze zenbait herri-kirol lehia izanen dituzte larunbatean 17:30ean hasita Arizbatalde pilotalekua 

 

Zarautz Kirol Elkartearen 75. Urteurrena dela eta, herri-kirol jaialdi bikaina antolatu dute otsailaren 23an, larunbat arratsaldeko 5:30etik aitziners Zarautzeko Arizbatalde pilotalekuan: aizkora, ingudea, harri-jasotzea eta txinga eramatea izanen dituzte eta eskualdeko kirolariak ere izanen dira lehian.

Urrezko Binakako aizkolari txapelketako final ttikian, Jon Rekondo leitzarra eta Xabier Orbegozo Arria V.a, Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza II.aren kontra ariko dira.

Emakumeen Ingude lehiaketan, joan den urtezahar egunean Asteasun jokatutako txapelketaren errebantxa jokatuko dute Iruñeko Virginia Finol txapeldunak, Iturengo Maika Ariztegi txapeldunordeak eta hirugarren izan zen Mallabiko Karmele Gisasolak. Hamar kiloko ingudearekin ariko dira minutu eta erdiko lanean.

Binakako harri-jasotzaile lehiaketan, Xabier Peña eta Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza ariko dira. Hiru minutuko txanda librean, 125 kiloko harri errektangularra eta 113 kiloko kubikoa altxatuko dituzte.

Jaialdia bukatzeko, 50 kiloko txingak eramaten Ousmane Drame Euskadiko txapelduna eta Kerman Perez de Heredia txapeldunordea ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun