Prebentzioa da drogarik gabe hezteko gakoa

Gurutze Pikabea 2019ko ots. 24a, 10:00

Ilundain Fundazioko Carmen MaraƱon eta Andrea Elkarte.

Joan den irailetik, 'Drogarik gabe hezi' programa lantzen ari dira Lekarozko eta Doneztebeko institutuetan. Ilundain Haritz-Berri Fundazioaren gidaritzapean ari dira eta bi urtez elkarlanean ariko dira

Drogarik gabe heztea. Horixe da erronka eta horretan ari dira Lekarozko eta Doneztebeko institutuetan, Ilundain Haritz-Berri Fundazioaren laguntzarekin lantzen ari diren Drogarik gabe hezi programarekin. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Droga-mendekotasunaren Foru Planak finantzatutako programa da eta DBH, Lanbide Heziketa eta Batxilergoa eskaintzen duten ikastetxeei bideratua. 2014tik martxan da, baina eskualdean 2018ko irailean hasi ziren. 

Andrea Elkarte Irigibel fundazioko droga-mendekotasunen aurkako prebentzio programako teknikariak azaldu digunez, «programaren helburu nagusia prebentzioa lantzea da». Horretarako, «gaitasun jakin batzuk garatzen laguntzen» diete ikasleei, «osasunari eta ongizateari dagokienez libreki eta arduraz jokatu eta aisialdi alternatiboa eskaintzen duten jardueretan parte har dezaten bultzatuz».

 

Lekarozen eta Donezteben

Elizondoko Osasun Zentrotik «alarma-mezua» jaso zutenean erabaki zuten Lekarozko institutukoek programan parte hartzea. «Kontsumo kasuak osasun zentrokoei ailegatzen zaizkie, asteburuetan alkohola barra-barra, gurasoen kezkak...», eta haiekin eta gizarte zerbitzuekin «elkarlanean» ari direnez, «haiek eman ziguten egoeraren berri», azaldu digu Loles Iturzaeta Barno Lekarozko institutuko zuzendariordeak. Programaren berri jaso eta parte hartzeko eskaera egin zuten. Ikastetxe barneko eta kanpoko eragileen babesa ere eskatu zuten eta «programaren talde eragilea» osatu; Ilundain Fundaziokoek, zuzendaritzak, orientatzaileak, bizikidetza batzordekoek, guraso elkartekoek, gizarte zerbitzuek eta osasun zentroko pediatriako erizainak osatzen dute.

Doneztebeko Mendaur Institutuan, «hezitzaileak» izanda, «gaiari dagokionez zer egin badugula» iritzita erabaki zuten programan parte hartzeko gonbitea onartzea. Hala kontatu digu Bihotz Unanua Bertiz institutuko zuzendariak. Institutuko, Doneztebeko Udaleko eta Ilundain Fundazioko ordezkariek osatzen dute talde eragilea baina guraso elkarteei eta merkatari elkartekoei ere luzatu diete mezua: «haien inplikazioa garrantzitsua dela iruditzen zaigu».

 

Kontsumoaren datuak

Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiak argitaratutako 2014ko Nafarroako Gazteria eta Osasun Inkestaren arabera, Nafarroako ipar-mendebaldeko 14-29 urteko gazteen %45,1ek alkohola gehiegi kontsumitzen dute eta Nafarroan batez bertzekoa %37,8koa da. Tabakoaren eguneroko kontsumoaren kasuan, eskualde horretan %19,6koa da eta Nafarroan batez bertzekoa %22,6-koa. Egunero kalamua kontsumitzen dutenak %3,1 dira Nafarroan, baina inkesta egin zuten azken hilabetean %13,2 izan ziren. Inkesta berak alkohola eta tabakoa kontsumitzen 13-14 urterekin hasten direla dio. Estudes inkesta ere aipatu du teknikariak: «estatu mailan alkoholak eta kalamuak duen kontsumoaren bataz bertzekotik goiti daude Nafarroko 14-18 urteko gazteak».

 

Eskualdeko errealitatea

Unanuak kontatu digunez, «gure kasuan kontsumoa edo hori ahalbidetzen duten ekintzak ez dira eskolan gertatzen. Baina horrek ez du erran nahi gure ikasleek kontsumitzen ez dutenik». Gaineratu digunez, «gure inguruan bertzelako drogak kontsumitzen direla badakigun arren, alkoholarekin dago arazorik handiena; erabat normalizatua eta ongi ikusia dagoen kontsumoa da, eta goiztiarrena». Hortaz, «batez ere» hori landu nahi izan dute. Kontsumoa «saihestu» nahian, 1. DBHko ikasleekin ari dira: «kontsumitzen hasi aitzineko adinean zentratzea garrantzitsua iruditzen zaigu, prebentzioa hori baita, gertatu aitzinetik gerta ez dadin saiatzea».

Lekarozko institutuan, berriz, DBHko 2. eta 3. mailetako ikasleekin ari dira. Baina programak «etorkizunean denengan eragina izanen duela» azpimarratu du zuzendariordeak. Ikastetxean «drogarekin arazorik ez» dutela dio, «institutua herritik kanpo dago, ikasleak ez dira hemendik ateratzen eta ez dugu inolako kezkarik eskola orduetan gertatzen denarekin». Arazoa «asteburuetan eta ikastetxetik kanpo» omen dago: «baina ezin dugu ahantzi gure ikasleak direla. Pertsona berak dira hemen astegunez eta karrikan asteburuetan daudenak».

 

Bi urteko elkarlana

Bi urteko iraupena izanen du programak: «bi urtez ikastetxeekin lanean ariko gara eta hirugarrenean behar dutenerako hor egonen gara», kontatu digu Elkartek. Programaren bitartez, «nola prebenitu jakin dezaten, lanerako eredu bat» eskaini nahi diete ikastetxeei, «zentro bakoitzaren errealitatera eta beharretara egokituz». Bi ikastetxeetan sortu diren lantaldeen garrantzia azpimarratu du: «agente prebentiboak bihurtzea nahi dugu, gure babesarekin, prebentzioan oinarritutako kultura sortuko dutenak izatea».

Behin talde eragilea sortuta, bi ildotan lan egiten dute Ilundainekoek ikastetxeekin, norbanakoan eta testuinguruan zentratuz. «Norbanakoaren kasuan, gaitasun pertsonalen garapena eta bizi-ohitura osasungarriak indartzen» saiatzen dira, «arriskuetatik babestuz», dio Elkartek. Horretarako, «prebentzio-jarrera prebentiboak eta osasungarriak garatzeko nerabeengan interesa duten ekintzak egiten ditugu».

Testuinguruari dagokionez, «drogarik gabeko espazioen alde» egiten dute, «kontsumoa saihesteko araudiaren beharra nabarmenduz eta nerabeak beraien osasunari dagozkien erabakien erantzule direla eta ikastetxean daudenean, kontsumitu gabe egon izanaren sentsazioa indartuz». Teknikariak azaldu digunez, «ikastetxean kontsumitu gabe egoteko gai badira, aukera gehiago izanen dute eskolatik kanpo gauza bera egiteko». Honela, «autokontrolaren eta autoefikaziaren pertzeptzioa areagotzen» omen da, «baita autoestimua ere». Hortaz aparte, «arauak bete ditzaten ikastetxeko espazioa egokitu behar» dela uste du Elkartek.  

 

Formazioa jasotzen

Orain arte, egoeraren analisia egin dute Lekaroz eta Doneztebeko institutuetan. Eta ikasleei test bat ere egin diete. Horretan oinarrituz, orain, formakuntza jasotzen ari dira, ikasleak zein gurasoak. Erakusketa ere antolatzekoa dute.

«Hasi bertzerik ez gara egin» eta hortaz, «oraindik balorazioa egiteko goizegi» dela uste badu ere, Iturzaeta «egindako urratsekin kontent» dago. Unanuak ere «balorazio positiboa» egin du: «gaia behar bezala lantzeko beharra ikusten dugu, pisuzko zerbait da eta programak horretarako aukera emanen digu». Baina gisa berean, «lan honek eraginkortasuna galtzen» ahal duela ohartarazi du, «segidarik edo koordinaziorik ez badu». Eta horretarako «ikasleen heziketan eta egunerokoan parte hartzen duten bertze eragileen erantzukizuna eskatu du: gurasoena batez ere, baita aisialdiko eragileena ere. Denon artean eta norabide bakarrean egin beharreko elkarlana da».

Teknikariak ere «balorazio positiboa» egin du, «proiektua aitzinera ateratzeko gogotsu dauden lantalde aktiboak dira». Eta aldi berean, «errealistak» direla dio: «droga kontsumoaren prebentzioak dituen zailtasunez jakitun dira. Gazteengan alkohola, tabakoa eta kalamuaren kontsumoa normalizatua dago, baina bereziki helduengan». Bide beretik jo du Iturzaetak: «alkoholaren kontsumoa arras barneratua dugu eta zaila da gaia tratatzea».

 

Prebentziorako gakoak

«Komunikazioa, denbora partekatzea eta mugak. Mugak musuekin eta musuak mugarik gabe». Horiek dira Ilundainekoek gurasoei ematen dizkieten aholkuak. Beraien ustez, «familia da eragile prebentibo garrantzitsuena». Familiaren aldetik «loturak indartu» behar direla dio, «komunikaziorako espazioak bultzatuz». Gurasoak nerabeen «eredu» direla ere adierazi du: «sortzen direnetik helduen jarrera guztien lekuko dira eta horiek barneratzen eta normalizatzen dituzte». Baina ikastetxeen paperaz ere aritu da: «drogarik gabeko espazioa bermatu behar dute».

Drogen beharrik ez izateko «gaitasun pertsonal egokiak eta bizi-ohitura osasungarriak garatzea» garrantzitsutzat jo du Elkartek. Kontsumorako arrazoiak «anitzak» direla oroitarazi du, eta «aisialdirako aukera osasungarririk ez izatea ohikoa» dela. Bere hitzetan, «gazteek badakizkite zein diren drogen ondorioak, eta informazioa ematea ez da aski. Sentsibilizazio lana egin behar da, beraiengana hurbilduz». Bide horretan, «nerabeen hurbileko inguruarekin lan egitea» gakoa omen da: ikastetxea, familia, osasun zentroa... «Prebentzioan ere tribu bat izatea garrantzitsua da; gutako bakoitza arazoaren eta irtenbidearen parte gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun