Solaslagunaren aurkezpen-berenduak arrakastatsuak izan dira

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 19a, 08:30
Solaslagunaren aurkezpen berendua Elizondon.

Donezteben eta Beran solaskide izateko laguntzaileak behar dituzte 

Urtea indartsu hasi dute Solaslaguna egitasmoan. Joan den hilabetean, Donostiako irteeraz gain, aurkezpen berenduak izan zituzten Donezteben, Beran eta Elizondon. Denetara, 29 lagun elkartu ziren eta berendu goxo baten inguruan tarte atsegina pasatu zuten. 

Baina, noski, dena ez zen jana eta edana izan. Bertaratutako solaslagunek beren esperientzia kontatu zieten informatzera etorritakoei: lehenbiziko urteetako kontuak, denborarekin egindako lorpenak, ekintza osagarriak… Bidenabar, taldeetako solaslagunak elkartzeko eta oraindik martxan paratzear zeuden taldeekin biltzeko aukera hagitz ona izan zen.

Aipatzekoa da Doneztebe eta Berako Solaslagun taldeetan mintzapraktiketan laguntzeko bi boluntario behar dituztela oraindik. Euskara ongi menperatzea eta mintzapraktika taldeari astean ordu bat eskaintzea bertzerik ez dute eskatzen.

Interesatuek Solaslagunaren Txokoarekin harremanean jarri behar dute, 610 920673 telefonora deituz edo solaslaguna@topagunea.eus helbide elektronikora idatziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun