Elizalde eta Tainta Garfe pilota enpresaren binakako txapelketan ariko dira

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 17a, 11:00
Garferen binakakoaren aurkezpena. Aitzinean aurrelariak eta gibelean atzelariak.

Iturendarrak Beroiz izanen du lagun gibeleko koadroetan eta lesakarrak Bergera

Sei bikotek parte hartuko dute Garfe pilota enpresak antolatu duen eskuz binakako pilota txapelketan eta parte hartuko dute hamabi pilotarien artean, bi eskualdekoak izanen dira: Ugaitz Elizalde Bereau iturendarra eta Iker Tainta Noble lesakarra. Biak ere aurrelariak dira.  

Txapelketa martxoaren 16an hasiko da eta egun horretan Tainta lesakarrak, Bergera gibelean duela, Titin III.a eta Merino II.a errioxarren aurka jokatu beharko du Fiteron (Nafarroa).

Elizalde iturendarrak, berriz, Beroizekin osatuko du bikotea. Eta gainerako hiru bikoteak hauek izanen dira: Urbieta II.a-Merino, Prado-Irusta eta Santxo-Urruzola.

 

Ligaxka

Hasteko ligaxka bat eginen dute eta horren barrenean, denek denen konta ari beharko dute. Behin hori bukatutakoan, emaitza onenak eskuratzen dituztenek finalerdietarako txartela lortuko dute. Finala, berriz, uztailean jokatuko dela iragarri du Garfe pilota enpresak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun