Urrezko txapelketako finalerako txartela lortzen saiatuko dira igande honetan Onsalo, Saralegi eta Rekondo

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 15a, 08:25
Nerea Sorondok lortua du finalerako txartela eta hori lortzen saiatuko da Itsaso Onsalo aresoarra. Argazkiak, biak lanean Donostian.

Martxoaren 2an Azpeitian jokatuko den finalean lekua segurtatua dute Maika Ariztegik eta Nerea Sorondok

Aitzinera segitzen dute Urrezko binakako eta banakako aizkolari txapelketek. Igande honetan, otsailak 17, Oñatin (Gipuzkoa) jokatuko den lehiak erabakiorrak izanen dira. Martxoaren 2an Azpeitin jokatuko den finalerako txartela eskuratzeko falta diren azken aizkolariak zein izanen diren jakinen baita igandeko saioan.

Alde batetik, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako azken lehia jokatuko da. Dagoeneko Atutxa-Txikia IV.a bikoteak eta Larrañaga-Otaño bikoteek finalerako txartela eskuratua dute. Finaleko hirugarren bikotea zein izanen den igandean erabakiko da. Alde batetik, Iker Vicente eta Ruben Saralegi leitzarra ariko dira, joan den urteko txapeldunak, eta bertzetik, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondo leitzarra. Bi bikote horietako bat izanen da Azpeitiko final haundira sailkatuko dena. Galtzen duen bikoteak, berriz, otsailaren 23an Zarautzen (Gipuzkoa) jokatuko den final ttikian ari beharko du, Azurmendi eta Mugertza II.aren aurka.

Bertzetik, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan bi dira finalerako txartela ziurtatua dutenak: Maika Ariztegi iturendarra eta Nerea Sorondo beratarra. Igandean eginen den lehian hirugarrena zein izanen den ikusiko da: Itxaso Onsalo aresoarra edo Irati Astondoa bizkaitarra.

Egun berean, Urrezko Harri-Jasotze Txapelketako azken jardunaldia ere jokatuko da. Oñatiko Saioa 12:00etan hasiko da; Zarauzkoa 17:30ean eta Azpeitikoa ere 17:30ean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun