Saats Karasatorre eta Julio Soto dira final-aurrekoetarako lehen sailkatuak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 11a, 08:27

Julio Soto, Urdazubiko Kultur Etxean kantaria. Berak bildu zuen puntuaziorik altuena.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen bi final-laurdenak jokatu ziren larunbatean Tuteran eta igandean Urdazubin

Tuteran abiatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 140 lagunek bete zuten larunbatean Erriberako hiriburuko Musika Eskolako aretoa. Haien aitzinean aritu ziren Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre. Maialen Belarrak egin zituen gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu ziren. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tuterako Argia Ikastolarekin, 2019ko Nafarroa Oinez-ekin eta Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatu zuen saioa, eta Tuterako Udalaren laguntza ere jaso zuen. 

Saio puntugarriaren ondotik, Etxarri Aranazko Saats Karasatorrek eskuratu du puntu gehien (253,5), eta hortaz, martxoaren 3an Atarrabian jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu zuen. Haren gibeletik sailkatu ziren Alazne Untxalo, Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Joana Ziganda eta Mikel Lasarte. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko.

Honela geratu zen Tuterako saioko puntuazioa:

Saats Karasatorre Martinez
Alazne Untxalo Erregerena
Aimar Karrika Iribarren
Eneko Fernandez Maritxalar
Joana Ziganda Olano
Mikel Lasarte Cia

253,5
249
247
241
240
233

 

Urdazubin Julio Soto txapelduna nagusi

Urdazubin jokatu zen igandean bigarren final-laurdena. 130 lagun inguru bildu ziren Kultur Etxean. Haien aitzinean aritu ziren Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Ainhoa Larretxeak egin zituen gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu ziren. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Urdazubiko Udalaren laguntza jaso zuen saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ondotik, Julio Sotok eskuratu zuen puntu gehien (265), eta hortaz, martxoaren 9an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko.  Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 24tatik.

Honela geratu zen Urdazubiko saioko puntuazioa:

Julio Soto Ezkurdia
Iker Gorosterrazu Elizagoien
Saioa Alkaiza Guallar
Iban Garro Alzuri
Irati Majuelo Itoiz
Sahats Aleman Sadaba

265
246
245,5
240,5
234
230,5

 

Heldu den larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17:30ean. Han ariko dira Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra, Zigor Gartzia “Zian” gai-jartzailearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, bai eta Elizondok Fantxike dendan ere bai. Larunbatean bertan, gainera, zabalik izanen da Iruritako Gizarte Bilguneko leihatila, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira. 

erran.eus webguneko erabiltzaileek ere Iruritako saiorako sarrera bikotz baten zozketan parte hartzeko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun