Iera Agirrek eta Naroa Elizaldek irabaziz hasi dute Master Cup txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 4a, 07:52
Iera Agirre eta Agirrezabala, Ruiz de Larramendi izeba-ilobekin Murgian.

Elurra ere ez zen oztopo izan emakume pilotarientzat Binakako txapelketaren bigarren jardunaldian, Murgian 

Parean izan dituzten hamaika arazoei aurre egitera ohituak, Murgia aldean botatako elurtea ez zen nahikoa izan emakume pilotariek txapelketarekin duten konpromisoa ez betetzeko. Hala, bikote bakarrak huts egin zuen Araba aldean zuten hitzordura eta eguraldi kaxkarra baino, kide baten lesioa izan zen ez jokatzeko arrazoia. Iera Agirre leitzarrak lehen mailan eta Naroa Elizalde zubietarrak promoziokoan, garaipenekin hasi zuten ibilbidea.

Lehen Mailako pilotariek lehen partida izan zuten Murgiakoa eta azken markagailuek ez dute osotasunean islatzen jokatutako bi partiden oreka eta berdintasuna. Erraterako, Leire Garai arabar gazteak eta Leire Etxaniz egungo binakako txapeldunak 18-11 irabazi zieten Patri Espinar eta Miriam Arrillagari, baina partida nahikoa borrokatua izan zen. Aipatzekoa da, baita ere, pilotariak gero eta ezagunagoak direla gaztetxoen artean eta Usansolokoak hainbat kamiseta eta argazki sinatu behar izan zituela.

Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi Eulateko izeba-ilobak ere saiatu ziren Olatz Agirrezabalaga eta Iera Agirre leitzarrari aurre egiten, baina bukaeran amore eman behar izan zuten, 18-12ko emaitzaz. Beraz, nahiz eta banandurik aritu, azken bi txapelketetako txapeldunek irabaziz ekin diote aurtengo lehiaketari.

Promozioko hiru kanporaketetan ere partida ikusgarriak izan ziren, bereziki luze eta lehiatua Oihana Orbegozo-Alaitz Badiola gipuzkoarrek eta Enara Gaminde-Nagore Bilbao bizkaitarrek jokatutakoa. Azkenean, tanto bakar batez, Laukizkoak nagusitu ziren eta hurrengo kanporaketarako sailkatu ziren.

Naroa Elizale zubietarrari dagokionez, Araitz Eizagirrekin batera jokatu zituen bi partidak irabazi zituen: 18-2 Oihane Aizpurua eta June Ugarteri eta 18-9 Nerea Sagarna eta Garazi Elorzari. Hortaz, hurrengo kanporaketarako sailkatu dira Elizalde eta Eizagirre.

Hurrengo jardunaldia Sodupeko pilotalekuan jokatuko da, datorren igandean, otsailak 10.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun