Urrezko Aizkolari txapelketetako saioak eginen dituzte otsailaren 3an eta 5ean Abadiñon eta Beasainen

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 31a, 20:00

Nerea Sorondo asteartean ariko da Beasainen, igandean Abadiñon galtzen duenaren kontra ariko da.

Igandean Jon Rekondo eta Xanta Sousa ariko dira eta asteartean Nerea Sorondo

Urrezko binakako aizkolari txapelketako, emakumeen urrezko banakako aizkolari txapelketako eta Urrezko harrijasotze txapelketako bi jardunaldi jokatuko dira datozen egunetan: otsailaren 3an, igandean Abarñon eta otsailaren 5ean, asteartean Beasainen. Bietan izanen dira eskualdeko kirolariak.

                                                                                                                         

Igandean San Blas egun handia dute Abadiñon (Bizkaia) eta probalekuan izanen da herri kirol saioa eguerdiko 12:00etan hasita. Binaka ariko dira Aitzol Atutxa eta Julen Alberdi Txikia IV.a, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondo leitzarraren kontra. Emakumezkoetan, Zeanuriko Irati Astondoa eta Lesakako Xanta Sousa izanen dira aurrez aurre. A multzoko bigarren postua izanen dute jokoan, Maika Ariztegi iturendarrak segurtatu baitu lehenbizikoa. Harri-jasotzen Imanol Illarramendi ‘Kortaberri’ ariko da. 

Otsailaren 5ean, asteartean 18:30ean Beasaingo Antzizar pilotalekuan jokatuko da bertze jardunaldi bat. Aizkoran, Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza II.a gipuzkoarrak A multzoko bigarrenen kontra ariko dira eta irabazleek hiruko finalerako txartela lortuko dute. Emakumezkoetan, Nerea Sorondo beratarra A multzoko hirugarrenaren kontra ariko da, hau da, Abadiñon galtzaile suertatzen denaren kontra: Astondoa edo Sousa. Irabazlea finalean izanen da, Maika Ariztegi eta Abadiñoko irabazlearekin batera. Harri-jasotzen azkenik, Aimar Galarraga ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun