Otsailean hasiko da Eskolarteko Bertsolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 31a, 07:26
Aurten ere Saran bilduko dira Euskal Herriko bertsolari gaztetxoak. Joan den urtean Leitzako Xabat Illarregi bertan izan zen kantaria eta aurten Nafarroako txapelketa nagusian ariko da.

Herrialde guztietako parte-hartzaileak Saran bilduko dira aurten ere ekainaren 8an 

Saguzarra hasia da oinak burura ekartzen. Eskolartekoaren irudi den maskotari ez zaio aunitzik falta hegalak astintzeari ekin eta lurraldez lurralde hainbat bertsozale gazteri bertsoa eragiteko.

Hiru hamarkadatako bidea egin du egitasmoak lurralde guztietan modu bateratuan egiten denetik, eta 31. aldia izanen du aurtengoa. Idatzizko zein bat-bateko txapelketak egin ohi dira Euskal Herriko ikastetxeetan; Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak gauzatzen dute elkarlanean bat-bateko egitasmoa. 15-18 urteko gazteek hartu ohi dute parte horretan.

Ekainaren 8an eginen da Euskal Herriko Eskolartekoaren jaia, Saran. Han elkartuko dira aitzinetik lurraldez lurralde egindako eskolartekoetan aritu diren parte hartzaileak; kasu gehienetan, herrialde bakoitzeko bina ordezkari.

Hala, lurraldeetan abiatuko du bere bidea Eskolartekoak. Gipuzkoan hasiko da otsailaren 15ean; 23 parte hartzaile izanen ditu. Ibarran izanen da lehen saioa. Bi hilabetetan zenbait saio eginda, besta giroan bukatuko da Lasturren, apirilaren 5ean. Handik astebetera eginen da Eskolartekoa Nafarroan; Arantzan elkartuko dira bertsozale gazteak apirilaren 12an.

Udaberri bete-betean harat-honat ibiliko da saguzarra, maiatzean gauzatuko baita Eskolartekoa Araban, Bizkaian eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Bizkaian lau saio eginen dira azken saioaren aitzinetik; maiatzaren 25ean eginen da finala. Araban bi egun hartzen dituzte: gaztetxoenek ere egun berean, maiatzaren 25ean, eginen dute saioa, eta nerabeek maiatzaren 11n eginen dute berea, Bertsoa Bizi Gazte Egunarekin batera. Legution izanen da hitzordu hau.

Bertsotan aritzeko lekua eskaintzen zaie Eskolartekoaren bitartez gaztetxoei, eta etorkizuneko bertsolariak eta bertsozaleak trebatzeko plaza da. Euskal Herriko gazteen arteko harreman sarea osatzeko bidea ematen die topagune honek; gainera, ikasturtea amaituta, Bertso Udalekuetan jarraipena ematen diote harreman sare horri bertsozale gazte horietako aunitzek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun