Bidasoa pasabide naturala da, baina baita bi estatu bereizten dituen muga ere, eta horrek esanahi berezia eman dio historian zehar, era askotako gertakarien lekuko eta kokaleku bihurtu baita. Horietako hainbat gogoratuko ditu egileak, oinez hainbat egunez egindako ibilbidean barrena. Adibidez, Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturaturiko Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa, edo handik zenbait urtetara ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa; frankismo garaian pertsonen muga-igaroleku ilegal eta arriskutsua izan zen, eta ahalegin horretan bertako uretan itota hil omen ziren ehunka lagun, gehienak portugaldarrak; Pio Barojak eta Aitzolek gerra zibilaren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin zutenekoa kontatuko da, baita gerra zibil horrexetan inguru horretan gertatu ziren fusilamendu ugariak ere, edo gerraostean esklabo behartuek egindako herri-lanak oroitu, beste gai askoren artean.