Solaslagunak egunpasa joan dira Donostiara

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 30a, 07:15
Solaslagunak eta Donostiako Bagera elkarteko mintzalagunak, armonia ederrean.

Bortziriak, Baztan eta Malerrekako Solaslagunak Donostiara joanen ziren egunpasa ilbeltzaren 26an. Beraiekin batera joan ziren Iruñerriko eta Hondarribiko mintzalagunak ere. 

Larunbatean  autobusa hartu eta giro ederrean egin zuten Donostiarako bidea: batzuk kontu-kontari, bertzeak kantuan… Trikitilariak ere bazituztenez, ez zuten aspertzeko astirik izan.

11:45ean Bulebarreko kioskoan joan eta ailegatu orduko, Donostiako Bagera elkarteko mintzalagunak zain zituzten, Euskararen Donostia bisita gidatua hasteko prest. Hala, kioskotik abiatuta, gida batek euskararekin lotura estua duten Donostiako hainbat leku erakutsi zizkien: herriko etxea, Orixe ikastola eta Herri Irratia izandakoaren egoitza, bertzeak bertze. Gainera, zortea izan zuten, eguraldi ederra izan baitzuten goiz osoan.

Bisita ongi bukatzeko, taldeko argazkia atera zuten. Hortik, batzuk Ordizia estatura joan ziren pote eta pintxo bana hartzera. Bertze batzuk, berriz, Kontxa aldera itzuli eta itsasoa ikusteko aprobetxatu zuten. 

Arrats partean, etxera bueltatzeko tenorea ailegatu zen eta, egun pasa polita egin ondotik, itzulerako bidea egin zuten autobusean. Solaslagunak egitasmotik mila esker eman nahi dizkiete «parte hartu zenuten guztiei eta bereziki Bagerako mintzalagunei, hain ongi hartu gintuztelako!».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun