Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista eta Baliabideen Gida aurkeztu dituzte Fiturren

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 29a, 15:00
Mari Jose Iparragirrek eta Mikel Albisuk aurkeztu zituzten argitalpenak Fitur ferian.

Baztan-Bidasoa Turismoak aurkezpen bikotza egin du FITURren, Nazioarteko Turismo Ferian. Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista eta Ibilbideen maparekin batera, eskualdeko Baliabideen Gidaren aurkezpena egin du.

Baztan-Bidasoko mapa ZikloTurista

Baztan-Bidasoko mapa Zikloturistan, Endarlatsatik Doneztebera doan Bidasoko Bide Berdearen trazaketa ageri da (36km); baita Doneztebetik Orokietako gainera (Saldias) egiten ari diren bide zikloturistaren trazaketa ere, Bidasoko Bide Berdea eta Plazaolako Bide Berdea (Latasa) lotuko dituen bide zikloturista (48 km); Azkenik, oraindik egin gabe baina proiektuan dagoen, Doneztebe-Elizondo trazaketa ere (15km) agertzen da Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTuristan. 

Baztan-Bidasoko Mapa Ziloturistak, eskualdea bizikletaz zeharkatzeko bide nagusia ez ezik, 12 lotura zikloturista ere jasotzen ditu, hala nola herrietan oinez egin daitezkeen ibilbideak eta inguruko mendi garrantzitsuenetara igotzeko ibilbideak ere.

Horrez gain, oinarrizko aholku batzuk eta bisitariak eskualdean aurkituko dituen zerbitzu, alojamendu, jatetxe eta jarduera enpresen zerrenda biltzen ditu.

Eskualdeko baliabide guztiak ezagutzera emateko hain zuzen, Baztan-Bidasoko Baliabideen Gidaren edizio berria kaleratu du elkargoak, bisitariak eskualdeko eskaintza guztia eskura izan dezan.

 

Baztan-Bidasoa Turismoa eta Ederbidea

Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista EDERBIDEA egitasmoaren baitan gauzatutako ekimena da. Baiona, Donostia eta Iruñea hiriak elkartuko dituen zikloturismo bide sarea da EDERBIDEA, 240 kilometro luze izanen duena.

Proiektu hau Interreg-Poctefa Europako diru-laguntzarekin garatzen ari da eta bertan Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako administrazio nagusiek eta hainbat elkartek parte hartzen dute, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoa kasu.

 

Baztan-Bidasoa Turismoaren apostua

Baztan-Bidasoa Turismoa enpresa pribatuez osatutako elkargoa da: landetxe, hotel, jatetxe, zerbitzu, jarduera enpresa,… Helburua, Baztan-Bidasoa eremu turistiko gisa lantzea eta indartzea da, kalitatezko landa turismo jasangarria oinarri duela. «Enpresa pribatuak eta enpresa txikiak gara, lana sustatzea eta enplegua sortzea da gure nahia, bertako populazioa bertan geratu ahal izateko eta gure herriak bizirik mantentzeko. Eta horixe aurkituko du bisitariak gurera datorrenean: herri biziak, hizkuntza, kultura, bizimodua eta natura zaindu eta maitatzen dituzten herri biziak», jakinarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun