Tuteran abiatuko da 44. Nafarroako Bertsolari txapelketa otsailaren 9an

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 28a, 13:00
Bertsolari, aurkezle, gai-jartzaile eta antolatzaileak, BaraƱainen larunbatean egindako aurkezpenean.

Urdazubin eta Iruritan final-laurdenetako saio bana izanen dute otsailaren 10ean eta 16an eta Lesakan azken finalaurrekoa martxoaren 10ean 

30 bertsolarik eman dute izena Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izanen dira Erriberan abiatuko den ibilbidean. Guztira, lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finalak osatuko dute txapelketa. Iruñeko Anaitasunan jarriko zaio azken puntua, martxoaren 23ko finalean.

Hastear da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Otsailaren 9an abiatuko da Tuteran, eta martxoaren 23an bukatuko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean. Tartean, zortzi saio izanen dira, bertze horrenbertze herrietan. Guztira, lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala izango ditu 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Atarrabiatik Etxarri Aranatzera eta Lesakatik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan.

Urtarrilaren 26an aurkeztu zuten txapelketa Barañainen, Nafarroako Bertsozale Elkarteak egindako urteroko batzar nagusiaren ondotik. Txapelketan ariko diren bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile andana bildu dira aurkezpen argazkian.

Guztira, 30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan. Lehen aldiz parte hartzen zuten seirek, duela bi urteko sailkapeneko azken seiekin batera, aurre-kanporaketak jokatu zituzten urtarrilean, eta horren ondotik bidean geratu ziren sei bertsolari. Horrenbertzez, 24 izanen dira Tuteran hasiko den ibilbidean. Martxoaren 23ra arte, zortzi saiotan ariko dira, Nafarroako geografia anitzean barrena. Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean itsasoratuko dira bide horretako urak. Bertsolariekin batera, zazpi epailetako taldeak, hamabost gai-jartzailek eta hamarnaka laguntzailek egingo dute posible egitasmoa.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea. Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da, bertsolaritza transmititzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Bide horretan, aipatzekoa da Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta tokian tokiko udal eta mankomunitateen laguntzarekin antolatua, urtero 2.400 ikasle baino gehiagorengana iristen dena, eskola orduetan bertsogintza eta ahozkotasuna landu dezaten. Era berean, ezin ahaztu Bertso Eskolen sarea, herri eta auzoetako transmisiorako gune biziak biltzen dituena. Azkenik, aisialdiaren eremuan antolatutako egitasmoek osatzen dute transmisioaren alorra.  

Txapelketa, beraz, bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukera ederra da. Nafarroako bertsolariei ikusgarritasuna emanez, bertsogintza sustatu eta gizartean ezagutarazteko aukera emanen duen egitasmoa martxan da. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da.

 

Egitaraua

Eskualdeko bertsolariei dagokienez, Eneko Fernandez lesakarra eta Alazne Untxalo iturendarra Tuterako lehenbiziko saioa ariko dira otsailaren 9an, Aimar Karrika, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorrerekin batera. Maialen Belarra doneztebarra izanen da gai-jartzaile saio horretan. Otsailaren 10ean, Urdazubiko Kultur Etxean eginen den bigarren saioan Iban Garro lesakarra eta Iker Gorosterrazu iturendarra ariko dira. Julio Soto txapelduna, Saioa Alkaiza, Irati Majuelo eta Sahats Aleman ere ariko dira. Ainhoa Larretxea beratarra izanen da gai-jartzaile. Otsailaren 16an Iruritako Gizarte Bilgunean jokatuko den saioan gehienak eskualdekoak izanen dira: Xabi Maia elizondarra, Leitzako Joanes eta Xabat Illarregi anaiak, Xabier Terreros lesakarra eta Patxi Castillo beratarra ariko dira, Endika Legarrarekin batera. Otsailaren 17an Lizarran jokatuko den azken finalaurrekoan, Julen Zelaieta beratarra, Josu Sanjurjo lesakarra, Amaia Elizagoien oronoztarra eta Diego Riaño leiztarra ariko dira, Eneko Lazkoz eta Sarai Roblesekin batera.

Finalaurrekoak martxoan jokatuko diruzte: 3an Atarrabian, 9an Etxarri Aranatzen eta 10ean Lesakako Harriondoa Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun