Solaslagunak egunpasa joanen dira urtarrilaren 26an Donostiara

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 22a, 08:00
Hainbat ateraldi egiten dituzte Solaslagunek. Argazkian, iaz Zurukuaingo upategian.

Heldu den larunbaten, urtarrilaren 26an, Bortziriak, Baztan eta Malerrekako Solaslagunak Donostiara joanen dira egunpasa. Beraiekin batera joanen dira Lizarbeibar, Iruñerri eta Hondarribiko mintzalagunak ere. 

Larunbatean 11:45ean Bulebarrean egina dute hitzordua. 12:00etan, Euskararen Donostia bisita gidatuaz gozatzeko aukera izanen dute. Bisita ongi bukatzeko, pintxo bana janen dute.

Ondotik, 14:30 aldera, Donostiako mintzalagunek prestatuko bazkaria izanen dute (menua: baratxuri zopa, legatza, postrea eta kafea). 

Joan-etorria errazteko, garraio-zerbitzua izanen da. Autobusa Oronozen geldituko da 10:40ean eta 10:55ean, Beran (kanpoko gasolindegian, Iruneko noranzkoan).

Ekintza irekia da eta parte hartzeko baldintza bakarra, euskaraz komunikatzeko gai izatea da. 

Izen-emateak eta ekintzari buruzko informazio osagarria, Solaslagunaren txokoan: 610 92 06 73 edo solaslaguna@topagunea.eus  

 

Baztanen aurkezpen-meriendak

Gogoratu behar da Solaslaguna egitasmoa aurkezteko aurkezpen-meriendak egiten ari direla eskualdean. Joan den astean Malerrekan eta Bortzirietan egin zituzten eta aste honetan, Baztangoa izanen dute. Urtarrilaren 24an, ortzegunean 19:00etan dute hitzordua Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun