Katarro eta gripeen aitzinean aholkuak

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 21a, 09:18

Azken asteotan izugarri hazi da gripe kopurua. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak urte hasieran ohar bidez jakinarazi zuenez, gripea epidemiaren mailara ere iritsi da, 2018ko azken astean, 100.000 biztaleko 41,3 kasu izan baitziren. Gripea tarteko, osasun zentroetako kontsultak ere betetzen ari dira, eta hori dela eta, Malerrekako Osasun Zentrotik hainbat gomendio luzatu nahi izan dizkiete herritarrei.

Zer dira katarroa eta gripea?

Malerrekako Osasun Zentrotik jakinarazi dutenez, «katarroa eritasun arin bat da» Rinovirus edo Coronavirus bezalako birusek sortua. «Gehienetan denbora guttiren buruan sendatzen da, arazorik gabe». Gaineratu dutenez, urtean bi-bortz katarroa izatea «ohikoa» omen da, «eta haurtzaroan gehiago».

Gripea ere birus batek (Virus Influenza) sortutako eritasuna da. «Arina» dela eta «denbora laburrean» sendatu ohi dela diote Malerrekako Osasun Zentrotik, baina «kasu eta egoera ahuletan, hala nola, zaharretan, bi urtetik beherakoetan edo zenbait eritasunekin, larria» izaten ahal dela ohartarazi dute, «bronkitisa edo pneumoniak eraginez». Katarroa ez bezala, «udazken-neguei lotutako eritasuna da gripea», adierazi dute.

Nola kutsatzen dira?

Eritasun horiek sortzen dituzten birusak eztul eta doministiku egitean botatako tantatxoen bidez kontsatzen omen dira. «Horregatik, pertsona batetik bertzera hedatzen dira, baita birusez kutsatutako gauzak ukitu eta gero eskua ahora edo sudurrera eramanda ere». Sintomak agertu baino egun bat lehenagotik kutsatzen ahal omen dira birusak «eta zazpi egun ondotik ere bai, hau da, harrapatu zaituela jakin baino lehen eta eri zauden bitartean».

Zer egin katarro edo gripe baten aitzinean?

  • Aste batean edo bitan sendatu ohi direla dio Malerrekako Osasun Zentrotik bidali duten oharrak, “antibiotiko beharrik gabe, pazientziari eta zenbait zainketari esker” zaintzen direla. Horretarako, hainbat aholku eman dituzte:
  • Ez erre eta ez arnastu tabakoaren kea; ez ibili giro kargatuetan.
  • Babestu hotzetik eta saihestu tenperaturaren gorabehera bortitzak.
  • Atseden hartu; behar izanez gero, ohean.
  • Gose ez bazaude, hartu ura, fruta-zukuak, berdura-saldak eta infusioak.
  • Buruko minez edo sukar handia bada, analgesiko-antitermikoekin aritzen ahal da. Ur epelean bustitako belaki batez larruazala igurtziz ere beheiti egiten du sukarrak, baina 38 graduz azpikoa bada hobe bere horretan uztea, defentsetan eragiten baitu.
  • Ur lurreko inhalazioak eta likidio ugari edateak hobeki arnasten eta mukiak kentzen laguntzen du. Haurrekin, hobe izan liteke sudur-zuloak serumez garbitzea.
  • Ez hartu antibiotikorik medikuaren agindurik gabe, ez baitute eraginik birusen kontra.

Eritasun horiek bertzeei ez kutsatzeko, berriz, eskuak maiz garbitu behar direla oroitarazi dute, »botatzeko diren musuzapiak erabili eta sudurra estali eztul eta dominstiku egitean, eta gutti hurbildu gripearen aitzinean ahulagoak diren pertsonengana».

Nola hartu aitzin katarroari edo gripeari?

Erabateko prebentziorik ez dela dioten arren, ahalik eta bizimodu osasuntsuena izateko aholkatu dute, hartara, defentsa onak izateko. Horretarako, elikadura osasungarria jarraitzeko, ariketa fisikoa egunero egiteko eta gripearen aurkako txertoak hartzeko gomendatu dute, batez ere, 65 urtetik goitikoei, eritasun kronikak dituztenei eta osasun arloko zaintzaile eta profesionalei.

Noiz galdetu osasun zentroan?

Pertsona ahulagoengan eragina duenean osasun zentrora jotzeko aholkatu dute, hala nola, bi urtez azpiko haurrek, haurdun daudenek, eritasun kronikoa dutenek, adinekoek... Arnasteko zailtasunak dituztenek edo karkaxak berdatsak edo odolekin badira ere profesionalengana joatea hobe omen da, baita sukarrak lau egun baino gehiago irauten badu, 39 gradutik gorakoa bada edo 24 orduren buruan berriz agertzen bada ere. Belarrietan mina do zorne-jarioa bada, negala edo gorakoak etengabeak badira ere osasun zentroan galdetzeko azpimarratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun