2019 «zirrika gainean» dator Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargora

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 19a, 10:00
2018ko proiektu nagusiak, Baliabideen Gida eta Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista, FITURren aurkeztuko ditu Elkargoak.

Baztan-Bidasoa eremu turistiko gisara indartzea eta hori erdiesteko bazkide gehiago lortzea da erronka

Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoak urte hasierako batzar orokorra egin du urtarrilaren 16an. Bertan 2018ko balantze positiboa egitearekin batera, 2019ko egitasmoak eta aurrekontuak onartu ditu. 2018ko proiektu nagusiak, Baliabideen Gida eta Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista, FITURren aurkeztuko ditu Elkargoak. 

Patxiku Irisarri Elkargoko lehendakariak iragan urtea, promozioari eta bezeroen arretari eskainitako urtea izan dela adierazi du. Zentzu horretan Erreserba Zentrala berritzaren garrantzia azpimarratu du.

Proiektu nagusienen artean Baztan-Bidasoko Baliabideen Gidaren edizio berria nabarmendu du. 4 hizkuntzatan  eta formato berrian kaleratutako aldizkarian, Baztan-Bidasoa eskualdeko informazio orokorra aurkituko du bisitariak. Argitalpen hau Baztan-Bidasoa Turismoak eskualdea ezagutarazteko ferietara eramaten duen euskarri garrantzitsuena da. Urtarrilaren 23tik 27ra Madriden ospatuko den FITUR Nazioarteko Turismo Ferian eginen dute liburuxkaren aurkezpena. 

Nabarmentzekoa baita Baztan-Bidasoa Turismoak, EDERBIDEA egitasmoaren baitan egin berri duen Baztan-Bidasoko Mapa ZikloTurista ere. EDERBIDEA Baiona, Donostia eta Iruña elkartuko dituen zikloturismo bide sarea da, 240 kilometro luzera izanen duena eta INTERREG-POCTEFA Europako dirulaguntzarekin garatzen ari dena.

Mapa ZikloTuristak, eskualdeko bide zikloturista nagusiaz gain, 12 lotura zikloturista, inguruko herrietan seinalizatutako ibilbideak eta hainbat tontor igotzeko bideak biltzen ditu, hala nola txirrindulariak eskualdean aurkituko dituen zerbitzuen zerrenda ere: bizikleta tailerrak, landetxeak, jarduera empresak, jatetxeak,…

Baztan-Bidasoko Mapa Zikoturista FITURren aurketuko da urtarrilaren 24an. 

Zenbakiei dagokionez, defizitarik gabe itxi du 2018. urtea Baztan-Bidasoa Turismoak, hartara, balorazio positiboa egin du Elkargoak.

 

2019ra begira

Proiektuz josita heldu da urte berria. 16 egitasmo aurkeztu eta onartu ditu batzar orokorrak, bertzeak bertze, web gunea indartzea, on line bidezko promozioari bultzada ematea, Bizikleta Eskola antolatzea eta Ederbidea Martxaren edizio berria egitea.

Aurten ez dute hutsik eginen Ehiza Jardunaldi Gastronomikoek, Bisira Gidatuen eta Bisita gastronomikoen eskaintzek ezta ‘Zer egin Baztan-Bidasoan’ egitasmoak ere. 2019ko egitasmo guztiak aitzinera eraman ahal izateko, Baztan-Bidasoa Turismoak 50.694 euroko aurrekontua izanen du.

 

Baztan-Bidasoa Turismoak kideen lana aitortu eta 2018an bereizgarririk lortu dutenak zoriondu nahi izan ditu urteko batzarrean. 

Jatetxeen arloan, Donamariko Bentak eta Elbeteko Posadak “Sloww Food” sarean aipamen berezia lortu dute; horrez gain, Donamariako Bentak  “Big Gourmand Michelin” izendatu dute hirugarren urtez.

Ordoki Zalditegiak aipamen berezia lortu du zaldi gaineko turismoaren arloan eta Sunbillako Ariztigain kanpinari kalitatea adierazten duen “Q”  eman diote. 

Gure produktuek ospe handia erdietsi dute 2018an Kortariko Gasna gasnategiak lortutako sari anitzei esker. 

Guztiak zoriondu ditu Baztan-Bidasoa Turismoak eta haien lana eskertu du eskualdeko izena zabaltzeagatik.  

 

Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko kide izateko deia

Baztan-Bidasoa Turismoak, eskualdea eremu turistiko gisa indartzea du helburu. Egun, elkargoko bazkideak “auzolanean”, elkarlanean bide hori jorratzen ari dira eta bidelagun gehiago izateko, hotel, landetxe, jatetxe, jarduera enpresa eta turismoarekin loturiko establezimendu guztiei kide egiteko gonbidapena luzatu nahi diete. Baztan-Bidasoa Turismoak ateak zabalik ditu kide berriak hartzeko. Interesa izanez gero, 948 59 23 23 telefonora deitu edo mezua igorri info@baztan-bidasoa.com helbidera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun