Nafarroa osoko toki erakundeen oinarrizko azpiegiturak hobetzeko ia mila obra egin dira 2018an

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 17a, 19:00
Berako Agerra auzoko argiteria moldatzeko lanak egiten hasiak dira.

Nafarroako Gobernuak 61,4 milioi euro bideratu ditu 2018an toki erakundeen oinarrizko zerbitzuen azpiegituretan egindako inbertsioak finantzatzera. Kopuru horretatik, 36,3 milioi euro Tokiko Inbertsioen Planetik (TIP) datoz eta gainerako 25 milioiak Finantzarioki Jasangarriak diren Inbertsioei buruzko Planetik. 

Gauzatzen ari diren ia mila obrari esker, udalek beharrik premiazkoenei erantzun ahal izanen diete karrikak zolatzeko lanetan, hondakinak biltzeko garbiguneetan, etxebizitzak urez hornitzeko sareetan, banda zabalerako konexioetan, argiteria publikoan eta jendea bizi den guneetarako bideen egokitze lanetan, bertzeak bertze. Obra horiek guztiek 108.253.106 euroko inbertsioa suposatzen dute. Kopuru horren % 57 Nafarroako Gobernuak finantzatuko du eta toki erakundeek % 43.

Datu hauek Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek eta Toki Administrazioko zuzendari nagusia Xabi Lasak eman fituzte ezagutzera urtarrilaren 12an egindako prentsaurrekoan. Isabel Elizalderen erranetan, “hauxe da, zalantzarik gabe, toki inbertsioetarako orain arte egin den aurrekontu-ahaleginik handiena, inoizko kopururik handiena bideratu baita”.

Finantzaketaren eskualdekako banaketari dagokionez, Bidasoan Tokiko Inbertsioen Planetik 5.360.583,70 euroko inbertsioa egin da (2.523.489,78 euroko ekarpena egin du Nafarroako Gobernuak) eta Finantzarioki Jasangarriak diren Inbertsioei buruzko Planetik 1.376.142,72 euroko inbertsioa (970.166,95 euroko ekarpena). Larraun-Leitzaldean, berriz, Tokiko Inbertsioen Planetik 2.667.205,22 euroko inbertsioa egin da (1.268.926,37 euroko ekarpena) eta Finantzarioki Jasangarriak diren Inbertsioei buruzko Planetik 1.667.782,95 euroko inbertsioa (842.963,44 euroko ekarpena).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun