Iera Agirrek eta Naroa Elizaldek binakako Master Cup txapelketan parte hartuko dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 16a, 17:24
Iera Agirrek eta Naroa Elizaldek binakako txapelketan parte hartuko dute.

Guztira 110 pilotarik parte hartuko dute binakako Master Cup txapelketan. Partidak Galdakaon hasiko dira urtarrilaren 27an, igandean.

Ate joka ari da binakako Master Cup txapelketa. Urtarrilaren 27an abiatuko da, Galdakaon, eta 110 pilotarik parte hartuko dute (98 lagunek promozio mailan eta bertze 12k lehendabiziko mailan). Finala martxoaren 10ean jokatuko da, Zumarragan.

Parte-hartzaile gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izanen dira (40 eta 39 hurrenez hurren); guttien berriz, arabarrak (bakarra). Nafarroatik, berriz, zortzik eman dute izena eta horietatik bi eskualdekoak dira: Naroa Elizalde zubietarra eta Iera Agirre leitzarra ariko dira, promozio mailan eta lehen mailan, hurrenez hurren. Naroa Elizaldek, berriz ere, Araitz Eizagirre izanen du bikote. Dena dela, oraingo honetan, Eizagirre aurrean eta Elizalde atzean ariko dira. Lehen mailako bikoteak, antolakuntzak eginen ditu eta laster jakinaraziko dituzte.

Bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabarrak eta nafarrak ez ezik, Kataluniako (12), Errioxako (5), Aragoiko (3) eta Valentziako (2) pilotariak ere izanen dira txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun