«Gure disko guztiak bezala koloretsua da»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 12a, 11:00
Zugarramurdi ezkerrean eta Zabaleta eskuinean.

AITOR ZABALETA eta IBAN ZUGARRAMURDI, Leitza eta Arantzako musikariak (Esne Beltza)

2018 hondarrean kaleratu zuen Esne Beltzak Ni izeneko bere azken lana. Horretaz mintzatu da Zabaleta Ttipi-Ttaparekin. Horrekin batera, euskal musikagintza «nahiko osasuntsu» dagoela uste du. «Batzuetan ezagutarazteko zailtasunak» izaten direla dioen arren, «talde asko eta onak» daudela adierazi du. «Estilo aldetik ere ezaugarri askotako musika egiten da».


«Esne Beltzaren disko guztiak bezala koloretsua da, musikalki hainbat estiloren eztanda». Horrela azaldu digu Aitor Zabaleta leitzarrak Esne Beltzaren azken lana. Ni du izena, «letrei begira bakoitzak kanpora eta barnera begira ditugun borrokak adierazten direlako. Abesti gehienetan 'ni' hori agertzen da, gure nahiak eta borrokak, ezinak eta zailtasunak, erraztasunak...».


Berrikuntza batzuk ere baditu Esne Beltzaren zazpigarren eta azken lanak. Alacanteko Marc Dasousa ekoizlearekin aritu dira lanean eta «grabaketak Euskal Herrian eta Alacanten egin ditugu». Esperientzia «ona» izan dela eta «asko» ikasi dutela aitortu digu Zabaletak: «disko bat ateratzean musikalki eta arlo askotan gauza asko ikasten dira». Eta hala, «gustura» gelditu dira emaitzarekin. Bertze berrikuntza bat ere badu: «lehendik egiten dugun musikarekin uztartuz, soinu elektroniko gehiago sartu ditugu». Argitu digunez, «ez dira abesti elektronikoak. Guk egiten diogunari soinu elektronikoaren pintzelada batzuk sartu dizkiogu». Gainerakoan, hainbat estilotako musika bildu dute diskoan: reggaea, rocka, bertsioak, balada... «Guztira hamar kanta dira, intro bat eta bederatzi abesti», dio leitzarrak.


Durangoko Azokan aurkeztu zuten eta aurten «kontzertuak eman eta diskoa jendeari erakutsi» nahi diete. Horrez gain, zuzenekoetan «aldaketak» izanen direla ere aitzineratu digu.


Zabaletaz gain, Iban Zugarramurdi aranztarra ere ikusiko dugu Esne Beltzarekin oholtza gainean. Ez batek eta ez bertzeak ere ez zuten esperoko «lagunartean ongi pasatzeko» sortu zen proiektu hark halako ibilbidea eginen zutenik. Baina arrakasta bistakoa da, eta azken disko hori ere ez da guttiago izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun