30 lagunek eman dute otsailaren 9an hasiko den 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko izena, baina 24 izanen dira final-laurdenetako fasean ariko direnak. Horregatik jokatuko dituzte bi aurrekanporaketak, lehenbiziko aldiz parte hartzen duten sei bertsolariek (Aitor Irastortza, Ander Baiano, Idoia Granizo, Endika Legarra, Mintxo Astiz eta Xabat Illarregi leitzarra) eta azken txapelketako azken sei sailkatuek (Saats Karasatorre, Egoitz Gorosterrazu iturendarra, Oskar Sanz de Acedo, Sahats Aleman, Joana Ziganda eta Diego Riaño leitzarra –azken horrek ez zuen parte hartu 2017koan, baina bai aitzinetik–). Horietatik sei pasako dira otsailean hasiko den basera. Finala, berriz, martxoaren 23an eginen da.
Aurrekanporaketak
Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin jokatuko da lehenbiziko aurrekanporaketa, ortzirale honetan, 19:30ean hasita. Diego Riaño Barroso leitzarrarekin batera, Joana Ziganda Olano (Oskotz), Aitor Irastortza Arrizurieta (Azpirotz), Sahats Aleman Sadaba (Iruñea), Mintxo Astiz Goñi (Barañain) eta Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu) ariko dira.
Larunbatean, Irunberriko Gizarte Etxean izanen da bigarren aurrekanporaketa, 17:30ean hasita. Xabat Illarregi Marzol leitzarrarekin eta Egoitz Gorosterrazu Elizagoien iturendarrarekin batera, Endika Legarra Nuin (Iruñea), Oskar Sanz de Acedo Pollan (Iruñea), Ander Baiano Saralegi (Barañain) eta Saats Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz) ariko dira.
Bertsolariek ondoko lanak egin beharko dituzte: zortziko handian binaka hiruna bertso, zortziko ttikian binaka hiruna bertso, hamarreko ttikian binaka hiruna bertso eta kartzelako lana. Horretan, zortziko ttikian bi punturi erantzun beharko diote eta gaia emanda bakarka bi bertso bota. Arkaitz Goikoetxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena ariko dira epaile lanetan.
Bi aurrekanporaketak jokatu ondotik, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtarril bukaeran aurkeztuko du 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketari buruzko informazio guztia.