Abelzaintzaren funtzio soziala eta animalien osasuna haintzat hartzea eskatu du Nafarroako Arartekoak

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 10a, 12:50
Abeltzainen eskariaren edukiaren aurkezpena hiru alkatek egin zuten joan den urteko urrian: Mikel Zabaleta, Leitzako alkateak, Joseba Otondo, Baztango alkateak eta Ezekiel Martin, Atez bailarako alkateak.

Joan den urteko urrian abeltzainek eta zenbait udalerritako alkatek Foru Dekretuaren inguruan aurkeztutako kexari erantzunez

Jakina denez, 2018ko urriaren 23an zenbait abeltzain eta Nafarroako udalerritako alkatek Nafarroako Arartekoari kexa bat aurkeztu zioten Nafarroako abere ustiategi eta instalazioetako baldintza higieniko sanitario, animalien ongizate eta antolamendu zooteknikoa arautzen dituen Foru Dekretuan abeltzantza tradizional estentsibo eta/edo ekologikoak duen trataera diskriminatzaileagatik.

Gaiari buruzko informazioa eskatuz, kexa Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentura helarazi ondoren, honek Arartekoari erantzun zion 2018ko azaroaren 20an, sinatzaileek aurkeztutako puntu bakoitzari erantzuten dion txostena aurkeztuz.

Bi aldeetako argudioak aztertu ondoren, Arartekoak onartzen du «gaur egun nekazaritzak dimentsio sozial garrantzitsua hartu duela landa eremuen hustutzea eragotziz edo atzeratuz, landa eremuan biztanleria mantentzeak dakartzan ondorio positibo guztiekin, bereziki herrietako kultura tradizionalak eta ingurumen oreka mantenduz». Aldi berean, baieztatzen du «abeltzaintzan, animalien osasuna eta ingurumenaren babesa faktore determinatzaileak eta kezka eta ardura gaiak direla, bai botere publikoentzat bai arlo horretan dabiltzan sektore pribatuentzat ere».

Horregatik, bi interesak haintzat hartzea beharrezkotzat jotzen du: abeltzaintzaren funtzio soziala eta animalien osasuna eta ingurumenaren babesa.

Beraz, sinatzaileen eta udalerrietako alkateen kezka aintzat harturik, Arartekoak 2018ko abenduaren 10ean bidalitako idatzian, egokia irizten du Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuari iradokitzea, bai kexak lantzen duen Dekretu Foralean, bai egin daitekeen beste batean, abeltzaintza ustiategi tradizional, estentsibo eta ekologikoentzat (txikiak eta ertainak) erregimen espezifiko eta berezko bat egotea.

Eta bi hilabeteko epea eman du ebazpen hau onartzen duen informatzeko, eta baiezkoa bada, berau betetzeko hartutako neurriak adierazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun