Nikbotaez berrerabilpen-webgunea berritu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 9a, 20:00

2011n sortu zuten berrerabilpen-webgune hori eta geroztik, jakinarazi dutenez, 2.300 kilo inguru hondakin murriztu dira urtero. Berriki hainbat aldaketa eta hobekuntza egin dituzte webgunean eta kudeaketa-sisteman.

Kontsumo arduratsua sustatzea, hondakin guttiago sortzea eta hondakinak prebenitzea, tresnak berrerabiltzea, partekatzea eta herritarren artean truka daitezen sustatzea eta gauzak berrerabiltzeko aukera praktiko bat eskaintzea. Horiek izan ziren 2011n nikbotaez webgunea abian paratu zutenean helburuak eta horri begira lanean segitzen dute oraindik. Berriki Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoak berritu egin du ataria, diseinua egokituz eta teknologia berrietara moldatuz. 

Egungo kontsumo-ohiturek bultzatuta, oraindik ere bizitza baliagarria duten objektu aunitz baztertzen ditu gizarteak; bada webguneak bertzela hondakin bihurtuko liratekeen objektu batzuen bizitza luzatzea lortu du. Denetariko objektuak trukatu, oparitu edo saldu daitezke webgunearen bitartez. Hala ere, gehienak etxe-tresna elektronikoak (ordenagailuak, garbigailuak, hozkailuak), altzariak, oinetakoak, bizikletak, haur-aulkiak eta kirol artikuluak omen dira.

2017-2027 Nafarroako Hondakinen Planean jasotako ekintza eta neurrietako bat da webgunea, Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legearekin bat. Legearen helburuetako bat 2027rako hondakinen %12a murriztea da, baita neurri haundiko hondakinen %8a eta TEEHen %2a berriz erabiltzeko prestatzea ere. Horretarako sortu zuen Nafarroako Gobernuak Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa. Gobernuarekin batera, Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoa daude bulego horren barne, tartean, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatea, Malerrekako Mankomunitatea, Mendialdea Mankomunitatea eta Baztango Udala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun