21. Korrika

Apirilaren 8an eskualdetik pasako da 21. Korrika

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 29a, 08:22

Korrikaren ibilbidea.

Euskararen aldeko herri-lasterketa erraldoia apirilaren 4an aterako da Garestik eta hamaika egunez Euskal Herri osoan barna ibili ondotik, Gasteizen bukatuko da hilaren 14an. AEK-k gaur aurkeztu du 21. Korrikaren ibilbidea eta apirilaren 8an Gipuzkoa aldetik Bortzirietara sartuko da. Bortzirietatik, Xaretatik, Baztandik, Malerrekatik eta Leitzaldetik pasako da Korrikaren lekukoa.

Klika lelopean, apirilaren 4tik 14ra eginen da 21. Korrika. Ohi bezala, aitzineko Korrika bukatu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Nafarroan. Aldi honetan, AEK-k Gares herria aukeratu du lasterketari hasiera emateko. 17:00 aldera abiatuko da Korrika eta apirilaren 8an ailegatuko da eskualdera. Goizaldean, 03:00 baino lehen, Gipuzkoa aldetik Berara sartuko da mezu sekretua eramanen duen lekukoa eta handik Lesakarako bidea hartuko du. Igantzi eta Etxalarren ibili ondotik, Etxalartik Sarara joanen da 07:00 aldera. Saratik Azkainera eta Senperera joanen da. Eta Ezpeletatik pasatu ondotik, Ainhoatik barna, Urdazubira sartuko da berriz lekukoa. Baztanerako bidea hartuko du gero, eta 13:20 aldera Elizondon izanen dela aurreikusi dute. Baztandik Donezteberako bidea hartuko du euskararen aldeko lasterketak eta Elgorriaga, Ituren, Zubieta eta Ezkurratik pasatu ondotik, Leitzara ailegatuko da, 18:00 aldera. Leitzatik Uitzirako bidea hartzen duenean utziko du gure eskualdea 21. Korrikak.

Kilometroak erreserbatzeko

Kilometroak erreserbatzeko aukera urtarrilaren 14an zabalduko dute. Interesatuek Korrikako bulegoekin harremanetan jarri beharko dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko. Nafarroan 948 464 000 telefonora deitu edo nafarroa@korrika.eus atarira idatzi behar da eta Iparraldean 05 59 25 76 09 telefonora deitu edo iparraldea@korrika.eusera idatzi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun