Gorka Urtasunek eta Urrizak jokatuko dute Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketaren finala

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 10a, 09:52
Finalerdietako partiden aitzinetik, Nazioarteko Erremonte Zirkuituko sariak banatu zituzten ortziralean Labriten.

Urtarrilaren 12an izanen dute hitzordua Bartzelonan, finalerdietan Barrenetxeari eta Ezkurra II.ari irabazi ondotik

Gorka Urtasunek eta Urrizak jokatuko dute Eguberrietak buruz buruko erremonte txapelketaren finala urtarrilaren 12an, larunbatean 19:00etan Bartzelonako Vall d’Hebrón pilotalekuan. Ortziralean Labriten jokatutako finalerdietan, Iruritakoak 25-30 irabazi zion Barrenetxea IV.ari eta gaur egungio txapeldunak 30-18 Josetxo Ezkurrari.

Finalerdietako partiden aitzinetik, Nazioarteko Erremonte Zirkuituaren sariak eman zituzten Labriten. Atzelarien artean, Barrenetxea IV.a izan da onena eta aurrelarien artean, Xanti Uterga doneztebarra. Zirkuitua hartu duten hirietan haurren minbizia lantzen duten elkarteei ere diru-saria eman zitzaien. Ondotik, Martiko babesle-etxeko Joseba Martikorenak eta Intiako  Juanma Intxaurrandietak finalerdietako sakeak erabakitzeko txapak bota zituzten.

Larunbateko finalak ez du pronostiko garbirik. Urriza da gaur egungo txapelduna, baina Urtasunek 2010etik 2013rako edizio guztiak irabazi zituen eta indartsu bueltatu da konpetiziora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun