Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari txapelketa abiatuko da igandean Deban

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 4a, 09:50

Berriz ere txapela janzteko lehian hasiko da Maika Ariztegi.

Gizasemeak binaka eta harri-jasotzaileak ere lehiatuko dira

Egur Sportek antolatutako aizkora eta harri-jasotze txapelketak urtarrilaren 6an, igandean abiatuko dira Deban. Zehazki, Emakumezkoen Urrezko Banakako aizkolari txapelketa, gizasemeen binakakoaren hogeigarren edizioa eta harri-jasotzaileen Viña Laguardia sariaren lehen jardunaldiak jokatuko dituzte igandean 12:00etan Debako Aldats pilotalekuan.

Emakumeen aizkolari txapelketan, Maika Ariztegi iturendarra eta Zeanuriko Irati Astondoa ariko dira nor baino nor gehiago. Metro bateko enborrari hiru korte egin beharko dizkiote.

Gizasemeetan, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño, Jon Rekondo leitzarraren eta  Xabier Orbegozo Arria V.aren kontra lehiatuko dira. Bete beharreko lanari dagokionez, erlojuaren kontra 45 ontzako bi enbor (aizkolari bakoitzak bana), zutik kana-erdikoa txanda librean, etzanda 60 ontzako bi enbor (bakoitzak bat) eta txanda librean lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi 65 ontzako moztu beharko dituzte.

Harri-jasotzen, azkenik, Gorka Etxebarria oriotarra ariko da Deban. 175 kiloko errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin ariko da, bi minutuko txandatan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun