Eskualdean kirol hitzorduekin agurtuko dute urtea

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 28a, 07:00
Leitzan mozorro xelebreena sarituko dute

Doneztebeko San Silbestre lasterketako parte-hartzaileen izen-ematetik bildutako diruaren zati bat Adano elkarteari emanen diote

Hamabi mahatsak jan aitzinetik hamaika pauso emateko ohitura errotua da Baztanen, Malerrekan, Leitzaldean eta Bortzirietan. Batean eta bertzean abenduaren 31rako lasterketak antolatzen dituzte. Pauso lasaiagoan ibili nahi dutenendako mendi-irteerak ere egiten dituzte Elizondotik eta Doneztebetik abiatuta. Ttipi-Ttapa urte bukaerako hitzorduak biltzen aritu da. Jantzi neurriko zapatak eta gozatu ibilaldiaz!

Donezteben lasterketa eta mendi-itzulia

Donezteben, abenduaren 31n, San Silbestre lasterketaren XIII. edizioa izanen dute. Urtero bezala, Herriko Etxearen parean dute hitzordua 18:00etan. Lehenak ateratzen 2005ean edo beranduago sortutakoek izanen dira eta zirkuituari buelta bat emanen diete; eta gero, helduek, 18:10ean, 3,5 kilometro eginen dituzte. Irabazleendako sariez gain, parte-hartzaile guztiei oroigarri bat emanen zaie. Opari eta zozketak ere eginen dituzte. Izena emateko bortz euro ordaindu beharko dituzte eta horren zati bat Adano elkarteari emanen zaio, gaztetxoen minbiziaren aurkako laguntza gisa.

Mendizaleek goizean eginen dute buelta. Urtez urte errotuz doan ohitura Mendaurko buelta. 07:30ean Doneztebeko autobus geltokian bildu eta tontorrera goitituko dira. 10:30 inguruan tontorrean argazkia aterata agurtuko dute urtea.

Leitzan V. San Silbestre lasterketa

Bederatzi urte artekoek 16:30ean dute hitzordua eta 600 metro eginen dituzte; 10-15 urte bitartekoek 16:45ean bilduko dira eta 2.000 metroko buelta eginen dute; 16 urtetik gorakoak, berriz, 17:00etan abiatuko dira eta 4.000 metroko itzulia izanen dute. 15 urte artekoek euro bat eta 16tik gorakoek bi ordaindu beharko dituzte. Izena emateko kiroldegira jo edo 948 51 07 19ra deitu beharko da abenduaren 30a baino lehen eta ordainketa egunean bertan eginen da. Antolatzaileek mozorrotuta joateko deia egin dute eta mozorro xelebreenak saria izanen du.

Elizondon hamarkada bateko ibilbidea

Baztandar kirolariek Elizondo izanen dute topagune urteko hondar egunean. 17:00etan hasiko dira 12 urte edo gutiago dituzten gaztetxoak. Ordubeteren buruan helduek hartuko dute lekukoa. Izen-ematea 17:30ean irekiko da eta 3,9 kilometro eginen dituzte. Helduek euro bat ordaindu beharko dute; haurrek, berriz, dohainik izanen dute.

Bezperan, Baztango Mendigoizaleek ez dute hu-tsik eginen. 08:00etan Elizondoko plazan bildu eta Auzara joanen dira. Erratzutik abiatu eta Iñarbilen, Arginen bordan eta Harrigorrin barna Auzara ailegatuko dira. Depostitotik eginen dute buelta eta abiapuntuan bukatuko dute ibilbidea.

Bortzirietan elkartasuna adieraziz

Sare Lesakak antolatuta, VI. Elkartasun Lasterketa izanen dute. Joan den urtean bezala, 13:00etan abiatuko dira. Plaza Zaharrean dute irteera eta ia lau kilometroko buelta antolatu dute. Izen-ematea lasterketa hasi aitzinetik egin ahal izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun