ERRAN.EUS atari berria mugikorrei begira berritua dator

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 21a, 08:59
Mugikorrei egokitua dator atari berritua.

Gaur egungo erronkei erantzuteko eraberritu dugu erran.eus ataria. Mugikor bidezko nabigazioaren hazkunde nabarmena aintzat hartu da webgune berriaren egitura eta diseinua erabakitzerakoan; horrekin, ordenagailua eta tableta ahaztu gabe.

 

Interneten nabigatzeko modua aldatu egin da. Egunero, erran.eus-eko irakurleen %65-70 inguru mugikor bidez sartzen dira, eta joera goranzkoa da. Horregatik, aurreko diseinuetan ez bezala, oraingoa smartphoneetarako pentsatu da, eta hortik abiatuta egokitu da ordenagailu eta tableta formatuetara. Webgune berria hainbat hilabetean elkarlanean egindako lanketa baten emaitza da. Behar berriak identifikatu ondotik, CodeSyntax-eko, Tokikom-eko eta erran.eus eko hainbat kidek elkarlanean egin dituzte webgune berrirako urratsak. Izan ere, berrikuntza Tokikom plataformaren baitan gauzatu da.

Hasierako orriaren pisua arindu nahi izan da, karga denborak azkarragoak izan daitezen. Mugikorrak kontsumo denborak murriztea ekartzen du; erabiltzaileek azkartasuna bilatzen dute; horregatik, begiratu batean informazio gehiago erakusten da orain; hala, irakurleak, interesatzen zaizkien gaiak azalean identifikatu ostean, albiste horietara sartu daitezen. Irudiek indar handiagoa hartzen dute eta testu gutxiago dago azalean. Horri esker, azalaren karga arintzea lortzen da.

Ordenagailuko bistan, orain arteko zutabe erako antolaketa ordezkatu egin dute. Diseinua horizontalagoa da; izan ere, azala ezkerretik eskuinera doazen bloke bidez egituratzen da.

 

Berrikuntzak

Azalean egindako aldaketak ez ezik, herri eta gaietako orrialdeak ere eguneratu dituzte. Xorroxin Irratiaren orrialdeak nahieran estiloa hartu du, lehen zuena baino presentzia handiagoa hartuz. Argazki galeriek interes handia pizten dute, eta horiek erakusteko era aldatu egin dute, bildumak erosoago ikusteko.

 

22 urte Interneten

1996ko uztailaren 5ean hasi zen TTIPI-TTAPAren Interneteko ataria, duela hogeita bi urte. Horregatik, 1997. urteko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eskuratu zuen Ttipi-Ttapak, Komunikabideen Berrikuntza atalean. Hona zer zioen epaimahaiak sariaren azalpenean: “Ttipi-Ttapa izan da euskarazko prentsaren munduan, ez argitalpenaren zati batekin baizik eta aldizkari osoarekin, aldizkariko informazio guztiarekin alegia, edizio elektronikoa Internet sarean eskaini duen lehena. 1996ko uztailaren 5ean hasi zen aldizkari hori Interneteko edizioa argitaratzen. Modu horretara, euskal prentsa amaraun-mundu berrian sartzeko bidea ireki du Ttipi-Ttapak: nolabait esateko, aldizkari nafarrari zor diogu euskal kazetaritza amaraunean, Interneten, sartu izana. Eta ahaleginak neurtzea egokia ez ezik bidezkoa ere badenez, azpimarratzekoa da toki aldizkari bat izatea izatea urrats hau ematen lehena gure artean”.  

Gero, Ttipi-Ttapa Telebistak iraun zuen bitartean (1998-2009), TTIPI.EUS webgunea artikulu, argazki galeria eta bideoekin osatzen zen. 

 

Xorroxin Irratiarekin elkarlanean

2015eko martxoan sortu zen erran.eus Xorroxin Irratia eta Ttipi-Ttapa aldizkariaren eskutik. Atzean gelditu ziren www.ttipi.net eta www.xorroxinirratia.com webguneak. Erran.eus plataformak bi komunikabide hauen edukiak plazaratzen ditu eta urtetik urtera erabiltzaile gehiago ditu: 2018an 13.200 erabiltzaile inguru hilabetero.

Orain, erronka berria mugikor bidezko trafikoa da, eta webgune berria horri erantzuteko prestatuta dator.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun