Bidasoko ureko fauna, Nafarroako Gobernuaren argitalpen berri batean ikusgai

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 22a, 10:39
Argitalpenaren azala.

Espezieei buruzko 68 fitxa dituen landa-gida hau Life Irekibai proiektu europarraren barnean landu da

Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak “Bidasoako arroko fauna akuatikoa” izenburuko argitalpen berria aurkeztu zuen abenduaren 20an, arro horretako ibai-ibilguei atxikitako animalia espezie nagusiak ezagutzera emateko.

 

Aurkezpena ortzegun goizean egin zen Bertizko Jaurreriko Natura Parkean, eta bertan izan ziren Eva García Balaguer, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia; Rafa Miranda Ferreiro, liburuaren egilekidea, eta Luis Sanz Azcarate, Life Irekibai proiektuaren koordinatzailea GAN / NIK enpresa publikoan.

Rafa Mirandarekin batera, liburu honen egilekideak ditugu Javier Oscoz, Amaia A. Rodeles, Imanol Miqueleiz, Nora Escribano, Mariano Larraz eta Enrique Baquero, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Fakultateko Ingurumen Biologiaren Arloko adituak. Haiekin batera parte hartu dute Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko nahiz Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoko teknikariek. Azken sozietate hau arduratu da gida koordinatu eta editatzeaz, Nafarroako Gobernua kide duen “Ibai irekiak: Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaien konektibitate eta habitaten hobekuntza” deritzon proiektu europarraren barnean.

 

Ibaiari atxikitako faunaren ezagutzan sakontzea

Naturazaleendako landa-gida izatea da argitalpenaren helburua, ibaiari atxikitako fauna ezagutu eta ezagutza horretan sakontzea ahalbidetzen baitu.

Liburuak 23 makro-ornogabe talderen deskribapena eta xehetasunak bildu ditu fitxa espezifikoetan antolatuta (sorgin-orratzen larbak, ibaietako kakalardoak, moluskuak, krustazeoak, etab.). Ornodunen atalean, hegazti, narrasti, anfibio, arrain zein ugaztunen 45 espezie bildu dira guztira. Espezie hauek ibai-ibilguen beharra dute bizirik irauteko, beraien ziklo biologikoko etaparen bat uretan egiten dutelako edota ibai-ibilguei lotutako biologia dutelako.

Liburua osatzen duten 200dik gora orrialdeetan, espezie bakoitzaren deskribapenarekin batera, banaketari buruzko datuak eta biologiari buruzko zein kontserbazio-egoerari buruzko zehaztapenak aurki daitezke, horren ezagutza errazten duen oinarrizko informazioa bilduz.

Life Irekibai proiektu europarrak, liburu honen argitalpena gisako ekimenen bitartez, jendarteko sentsibilizazioa eta partaidetza sustatzen ditu gure ibaietako, habitaten, funaren eta floraren zaintza hobetzeko. Zuzendari nagusiaren esanetan, “gure ibaiak zaindu eta kontserbatzea eta horiekin era egokian elkarbizitzea instituzio, erakunde, enpresa, komunitate eta pertsonen baterako ahalegin bihurtu behar da, espezie akuatikoen zein ibai-arroko habitaten mesedetan, baita mugakide dituzten herrien mesedetan ere”.

Guztira, 1.000 ale argitaratu dira gaztelaniaz eta beste 1.000 ale euskaraz, proiektuari atxikitako jarduketa-esparruan banatzeko. Liburuaren online bertsioa LIFE IREKIBAI proiektuaren webgunean eskura daiteke: https://www.irekibai.eu/

Gidaren aurkezpena, Life Irekibai proiektuan egiten ari den herritarren partaidetza prozesuaren Jarraipen Batzordearen bilera berri baten barruan egin da. Batzorde hau Nafarroako kantauri eremuko toki erakundeen ordezkariek, Kantauriko Konfererazio Hidrografikoak, Cederna-Garalurrek eta foru Exekutiboak osatzen dute.

Gogoratu behar da Life Irekibai proiektuak bazkideak dituela Euskadin (Gipuzkoako Foru Aldundia, URA eta HAZI Fundazioa) eta Nafarroan (Nafarroako Gobernua, GAN / NIKen bitartez), eta bakoitzaren gaitasunak eta eskuduntzak elkartzen dituztela Bidasoa eta Leitzarango ibai-arroetan kokaturiko Natura 2000 esparruetako interes komunitarioko habitat eta espezieen kontserbazio egoera bermatzeko. LIFE ingurumenerako finantza-tresna europarrak proiektu honen (LIFE14 NAT/ES/186 IREKIBAI) % 60 finantzatu du. Guztizko aurrekontua 2.999.372 eurokoa da 2020ra arte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun